Arrazismoaren kontrako jarduerak egin dituzte Toki Alai eta El Pilarreko ikasleek
Irunbixi, Haur eta Nerabeen Parte Hartzerako Forotik abiatutako ekimena izan da. Goiz osoan zehar, 'Mundialtxo Antiarrazista' eta tailerrak egin dituzte 2. DBHko 180 ikaslek.
Artiako futbol zelaian elkartu dira gaur El Pilar eta Toki Alai Gazteluzar ikastetxeetako 2. DBHko 180 ikasle. Izan ere, Irungo Udalak bultzatzen duen Irunbixi, Haur eta Nerabeen Parte Hartze Foroaren parte dira ikasleok eta bertatik garatutako Mundialtxo Antiarrazista egin dute gaurkoan.
Goiz osoan zehar, futbolean jokatzeko eta tailerretan parte hartzeko aukera izan dute nerabeek. Tailer guztietan arrazakeria eta diskriminazioa landu dituzte, esate baterako, abestietako letrak begiratuz, arrazismoaren eta diskriminazioaren kontrako mezuekin txapak eginez, edota zapiaren jokoan jolastuz ijito herriaren historia errepasatu bitartean.
Bertan izan dira ere Irungo hainbat elkarte, hala nola, Kera elkartea, Zaporeak, SOS Arrazakeria eta Artiako Gaztelekua. Futbolean ere egon dira eskolatik kanpoko inplikatuak: Behobia futbol taldea eta Real Union.