Inklusioaren aldeko egitasmoa, borobila
'Hondarribia Baltsan' egitasmoak arrakasta itzela izan du. 300 kirolari inguru bildu ziren igandean futbola, arrauna, pala, paddle surf, zesta eta ibilketa praktikatzeko.
Hilaren 19an bainujantziak, palak, zestak, pilotak eta kirol zapatilak hartu eta ‘Hondarribia baltsan’ egitasmoan parte hartu zuten Atzegiko 140 kirolarik, Hondarribiko klubetako beste hainbesterekin batera. Inklusioaren aldeko eguna izan zen eta oso balekoa gainera. Atzegi elkarteko kirolariek asko gozatu zuten, eta Udaletik ere egunaren balorazio baikorra egin dute.
Hasteko, Josu Peña Gizarte zinegotziak eskerrak eman dizkie egitasmoan inplikatu diren elkarte guztiei (Hondarribia Futbol Elkartea, Hondarribia Arraun Elkartea, HS2, Hondarribiko Pilota Eskola, Emeki Elkartea eta Erlaitz Mendizale Elkartea), bai eta Sport Mundiri, Abiyuan txarangari eta Atzegiri ere.
Goizean goiz hasi zituzten ekintzak, eta horietan, elkar lagundu eta asko ikasi zuten. “Arraunean, kirol instalazioak ikusi eta itsasoratu egin ziren. Padel Surfean, bat baino gehiago busti zen, frontoian emoziozko partiduak ikusi genituen, mendi martxakoak Higer lurmutur barrena ibili ziren eta futbolean denetariko golak egon ziren” azaldu du Peñak. Eguerdian, Abiyuan txarangak ipini zuen giroa eta bazkari eder batekin amaitu zuten eguna.
Inklusioaren bidean “aurrera” egin zutela ziurtatu du zinegotziak, eta honakoa, etorriko direnen hasiera izan dela ziurtatu du.