Hondarribiko alkate batek lehen aldiz hartuko du parte alardearen auziari buruzko saio ireki batean
Antxeta Irratiak Igor Enparan Hondarribiko alkatea 'Elkar entzunaz, konponbidea eraiki' saio irekira gonbidatu du. Kultur Etxean izango da, bihar, 18:00etan, eta herritarrek galderak egin ahalko dituzte.
Ia urte bat igaro da Hondarribiko Udalean udal gobernu aldaketa gauzatu zenetik. Abotsanitz eta EH Bilduk osatzen dute egun udal gobernua. Ordutik ere herritar baten baino gehiagoren ahoan egon da “eta, orain, alardearen gaiarekin, zer gertatuko da?” galdera.
Izan ere, Jaizkibel Konpainia 1996an sortu zenetik, eta urte berean, alardearen gainean gatazka sozio-politiko bat sortu zenetik, Hondarribiko alkateek nahiz udal gobernuek ez dute konponbiderako lanik egin. Gatazkari pasibotasunez erantzutea izan da tradizioa.
Iazko irailaren 8an, baina, Igor Enparan alkateak harrera egin zion bai alarde baztertzaileari bai eta Jaizkibel Konpainiari ere. Keinu bat izan zen, eta orain artean alkateek eduki izan duten jarrerarekin alderatuta, aldaketa izan, bada.
Bide horretan, bihar, Antxeta Irratiak antolatutako Elkar entzunaz konponbidea eraiki saio irekian hartuko du parte Enparanek. Elkarrizketa bat da irratiak prestatu duena, eta herritarrek galderak egin ahalko dituzte. Hitzordua biharko (hilak 23) 18:00etan da, Hondarribiko Kultur Etxean. Aforoa bete sartu ahal izango dira herritarrak.