Azal Horiei harrera instituzionala egin die udalak
Bidasoa Irun txapeldunorde izendatu da Plenitude ligan eta udalak harrera instituzionala egin dio taldeari.
Bidasoa Irunek historia egiten segitzen du. Urteak pasa dira Beñardo Garcia taldearen buru zela San Juan plaza goraino bete zela, baina Azal Horiaren indarrak berdin-berdin segitzen du. 2023-2024 denboraldian txapeldunorde izendatu da Bidasoa Irun, eta udalak harrera instituzionala egin die.
Udaletxearen atarian bildu dira udalbatzako ordezkariak, Bidasoa Irungo jokalariak eta herritarrak. Agurra dantzatu ondoren, udaletxeko areto nagusian bildu dira denak eta lehen hitza Cristina Laborda alkatearena izan da. “Bidasoa Irun historia da, eta batez ere, etorkizuna. Klubak lan egiten du begirada etorkizunean jarrita, asmo handiko proiektu bat esku artean eta ziur naiz kondaira elikatzen segituko duzuela”.
Udalak oroitzapenezko plaka oparitu dio taldeari eta Gurutz Aginagalde taldearen zuzendariak jaso du. Aginagaldek, berriz, eskertze plaka bat oparitu dio udalari. Anekdota gisa, alkateak hitzartzea amaitu duelarik, nahastu egin da eta “Gora Union!” esan du. Ondoren, barre algara giroan, zuzendu eta “Gora Bidasoa!” oihukatu du. Azkenik, familia argazkia atera dute.