Udalak harrera egingo dio bihar Bidasoa eskubaloi taldeari
Plenitude ligan txapeldunorde izan dira irundarrak. Harrera ekitaldia San Juan plazan egingo da bihar, 17:00etan.
Bidasoa eskubaloi taldeak Plenitude ligan bigarren sailkatuta bukatu du denboraldia. Hartara, Irungo udaletxean harrera egingo diote bihar, asteazkena, 17:00etan. Cristina Laborda alkatea izango da bertan, baita gainerako udalkideak ere. Herritarrei dei egin diete plazara gerturatzeko, “herritar guztien berotasuna senti dezaten”.
“Lorpen honek berriz ere agerian uzten du Bidasoa taldearen handitasuna. Erakundearen historia osoa erraldoien kontrako borrokaldi bat izan da eta, ondorioz, talde arrunten arteko onena izatea meritu izugarria da klubarentzat eta hiriarentzat” adierazi du Labordak.
Txapeldunorde sailkatuta, gainera, Europako txapelketetara itzultzeko saria ere eskuratu du talde irundarrak. Era horretan, 2024-2025 denboraldian EHF European League txapelketako taldeen fasean arituko dira lehian, eta Irungo hiria ezagun egingo da berriro ere Europa osoan barrena.