Kultura Aniztasunaren Munduko Egunaren harira, jarduerak Irunen
Bihar, futbol txapelketa antiarrazista jokatuko dute DBHko hainbat ikaslek, eta etzi eta etzidamu, hurrenez hurren, 'Irun hiri irekia' hitzaldia eskainiko dute eta 'Baloreak' proiektua dinamizatuko du haren egile Nerea Kortabitartek.
Gaurkoa Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna da eta horren harira, hiriko kultura aniztasunaren balioa azpimarratzeko jarduerak prestatu ditu Irungo Udalak. Nuria Alzaga Gizarte Ongizateko ordezkariak eman du horren berri eta nabarmendu nahi izan du Irunek daukan proiektu aitzindaria: kulturarteko bitartekaritza zerbitzua. “2006an egin zen proba pilotua eta, ordutik, etengabe jardun du”.
Alzagak gaineratu du Irundarrek jaiotzetik duten kultura aniztasuna “gero eta handiagoa” dela eta Irunen berezko aniztasuna areagotzen duela. “Azken batean, askotariko kulturak bizi izan dira Irunen, egun ere bizi dira, eta etorkizunean ere biziko dira”.
Aste osokoa da egitaraua eta bihar hasiko da. Beraz, hilak 22, 11:00etatik 14:00etara bitartean, mundialito antiarrazista jokatuko dute El Pilar eta Toki Alai DBHko ikasleek, Artiako futbol zelaian. Gazte eta Nerabeen Foroaren ekimen bat da eta Gazteria departamentuak ere antolatu du.
Hilaren 23an, osteguna, 17:00etan, Zubia gizarteratze zentroaren kudeatzaile Emaus Fundazioarekin elkarlanean eta bitartekaritza taldearekin batera, Irun Hiri Irekia hitzaldia eskainiko dute, zentroko erabiltzaileentzat eta eragileentzat, zentroan bertan. Bertaratu ahal izateko gonbidapena lortu beharko da.
Azkenik, hilaren 24an, ostirala, 17:30ean, Palmera Monteron Baloreak izeneko ekimena dinamizatzen arituko da haren sortzaile Nerea Kortabitartek. Jatorri desberdineko hamabi ikaslek euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko poemak irakurriko dituzte, Bidasoa ibaia zeharkatu nahi dutenen istorioetan oinarritutakoak. Aldi berean, 12 artisten irudiak proiektatuko dituzte.
Irakurraldiarekin bukatzean, hiru ilustratzailek eta bi begiralek kultura aniztasunaren inguruko hiru tailer gidatuko dituzte, eta aldi berean, eta ondoren, askaria emango da. Parte hartu ahal izateko familiei helarazi zaien estekaren bitartez eman beharko dute izena.