Elkarrekin Irunek 3,2 milioi euroko aurrekontu zuzenketa proposatu du
Babes ofizialeko alokairuak, aparkalekuak eta haurren aisia izan ditu hizpide kreditu aldaketak idazterakoan. Guztira, 11 proposamen bildu dituzte.
Udal aurrekontua 7,2 milioi euroan hazteko proposamena egin du PSE-EEk osatutako udal gobernuak. Era berean, udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdiak haien aurrekontu aldaketa proposamenak egiten ari dira eta gaurkoan Elkarrekin Irunek aurkeztu du berea.
Orotara, 3,2 milioi euroko aldaketa egitea proposatu dute, 11 zuzenketen bidez. Era berean, iazko udal aurrekontuetatik 12 milioi euro likidatu gabe geratu direla salatu dute.
Irunen etxebizitza bat alokatzea edota erostea “ezinezkoa” dela azaldu du koalizio moreak eta horretan bultzada eman behar dela uste dute. Horretarako, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko proposamen bi egin dituzte, esate baterako, Kale Nagusiko 7 zenbakian eta Madariaga Etxea zegoen tokian (Iparralde hiribidea). Hasteko, bi proiektu hauen bideragarritasuna neurtuko duen azterketa egitea nahi dute. Etxebizitzarekin jarraituz, zuzenketak egin dituzte ere gazteen emantzipaziorako eta zailtasun ekonomikoak dituzten bizilagunentzako.
Elkarrekin Irunen bigarren lan ildoa aparkalekuak izan dira. “Ezinezkoa da Irunen aparkatzea, urtetatik”. Egoera hau hobetzeko aburuz, Katean altuera izango lukeen aparkaleku bat eraikitzea proposatu dute. Aldi berean, TAO zerbitzua eta hiriko aparkalekuen kudeaketak udalak bere gain hartzeko urratsak ematen segitzea eskatu dute.
Kreditu aldaketak familiak ekonomikoki laguntzea presente eduki behar duela uste dute. Elkarrekin Irunen arabera, inflazioak euskaldunen erosahalmena murriztu du eta inpaktu horretan eragiteko familiei diru laguntza zuzenak ematea galdegin dute. Zehazki, Gipuzkako errentaren bataz bestekoaren azpitik dauden familiei laguntzea da asmoa.
Azkenik, familien kontziliazioari buruz aritu dira, haurren aisia ardatzean jarrita. Bide horretan, udal eraikinak udaran eraikitzeko eskaera egin dute eta horietan jantokia eskaintzea, bi haurtxoko, eta Solas Jolaseko plazak handitzea. Izan ere, aurtengo Solas Jolasen 400 haur geratu dira aisia eskaintzatik kanpo, eta horietatik 18k behar bereziak dituzte. “Plaza horiek handitu egin behar dira”.
- 500.000 euro: Kale Nagusiko 7. zenbakian alokairuzko etxebizitza babestuak eraikitzeko azterketa egitea.
- 500.000 euro: Madariaga Etxea zegoen tokian (Iparralde hiribidea) alokairuzko etxebizitza babestuak eraikitzeko azterketa egitea.
- 300.000 euro: Gazteak, finantza-zailtasunak dituzten pertsonak eta egoera ahulean dauden pertsonak emantzipatzeko laguntzak eta diru laguntzak indartzea.
- 300.000 euro: Elikagaiak erosteko zuzeneko laguntza, 50 eurokoa bizikidetza-unitate bakoitzeko, baldin eta Gipuzkoako batez bestekoa (16.887 euro) baino errenta garbi txikiagoa duela egiaztatzen duen agiria aurkezten badu.
- 1.000.000 euro: Alturan eraikitako aparkalekua Katean, futbol zelaiaren atzeko partean.
- 18.000 euro: TAO zerbitzua eta lur azpiko aparkalekuak udalak bere gain hartzeko ikerketa.
- 100.000 euro: Udal eraikinak udara irekitzea haurrei jantoki zerbitzua eskaintzeko.
- 500.000 euro: Bi haurtxoko berri sortzeko.
- 2.000.000 euro: Udal kiroldegiak hobetzean inbertsioak egiteko.
- 150.000 euro: Solas Jolaseko plazak handitzea. Aurten, 400 haur geratu dira kanpoan eskaera orokorretan, eta 18 haur behar bereziko haurren eskaeretan.
- 25.000 euro: Kontrola Ez Da Maitasuna, 60 urtetik gorakoei zuzendutako indarkeria matxistaren aurkako kanpainarekin segitzeko.