Xabier Bengoetxea: "Dauden tokian daudela ez ditugu ahaztu"
1974an Hondarribiko Asturiagako hondartzan Espainiako Poliziak eta Guardi Zibilak bi gazte hil zituen. Gaur goizean egin dute oroimen ekitaldia.
Hilaren 20an, 50 urte beteko dira Hondarribiko Asturiaga portuan edo Fraideen hondartzan Roke Xabier Mendez Villada Poeta eta Jose Luis Mondragon Elortza Moriko tiroz erail zituztela. Urtero egiten duten bezala, gaur goizean egin dute gazte horiek gogoan izateko omenaldi ekitaldia. Goizeko 11:00etan bildu dira senitartekoak, 1974 memoria taldeko kideak, Igor Enparan alkatea eta zenbait herritar erailketa gertatu zen leku berean. Eguna malkotik hasi dute: Bi iheslarien senitartekoak ikusi direnean besarkada goxo eta hunkigarri batean murgildu dira.
Erailketaren 50. urteurrenean zerbait bereziagoa egin nahi zutela kontatu du Xabier Bengoetxeak, Asturiaga 1974 memoria taldeko kideak. Ez dute lortu ordea. Baina herri ekimenak “ekintza txikiak” izan badituela nabarmendu du eta horren erakusle izan da hondartzan bertan, pasaian bezala, agertu diren bi silueta. 1974an Madrildik etorritako polizia faxistak bi gazte erailtzeko sarraskia prestatu eta exekutatu zuela salatu du segidan eta senideek “50 urteko inpunitatea. 50 urteko injustizia. 50 urteko bakardadea eta sufrimendua” pairatu dituztela adierazi du.
2017an sortu zen Asturiaga 1974 memoria taldea eta gertakari hartatik mende erdia igaro den honetan balantzea egiteko baliatu du Bengoetxeak aukera. Gertakaria argitzeko lanketa handia egin dute 7 urteotan: “infinitua den hemerotekaren azterketa, Aztiren datu basea, biografiak, memoria liburuak, entziklopediak, Ferroleko artxibategi militarra, Poliziaren artxibategia. Azken bi hauek familiak berak. Epaitegi frankistetako artxiboak, herritar ezberdinen testigantzak Morikoren lagun eta ezagunak, Rokeren gertukoak, errefuxiatu, kide, lagun eta familia. Santurtziko edo Arratsateko gazteak ezagutu eta gogoratzen duten gazteak”. Horiekin guztiekin bildu eta leku horietan guztietan izan dira informazio, datu eta erantzunen bila. Tribunalak, udalbatzak, batzordeak… Hondarribitik Gazteizeraino joan dira 7 urte hauetan.
“Lan nekezaren” emaitza gisa Eusko Jaurlaritzaren Indarkeriaren erreparaziorako lantaldeak Roke Xabier Mendezen biktima aitortza onartzea lortu zuten. Hori lortuta ere, “eduki duen zabalkunde diskretua eta koldarkeriaz betetakoa, ez dugu uste erreparaziorako egokiena denik” gehitu nahi izan du. Orain, Jose Luis Mondragon Elortzaren biktima aitortza onartzea falta zaie. Aldi berean, Hondarribiko Udalari urrian helarazi zioten proposamenaren inguruko lanketa egiteko gai izan ez dela salatu du eta 50. urteurren honetan “erreparaziorako zegoen aukera handi bat galdu” dela adierazi du.
Hala eta guztiz ere, oztopoak oztopo, orain artean bezala lanean jarraituko dutela garbi dute taldekideek: “Kala honetara iristen den olatu bakoitza bezala, bultzatzen jarraituko dugu. Dauden tokian daudela ez ditugu ahaztu eta kantak dion bezala… Harro hadi Kantauri Itsasoa eta haien betiko loa betiko kantazak! “. Elkarrekin abestia kantatu dute.
Amaitzeko, Xabier Isasik Roke Xabier Mendezek idatzitako olerkietariko bat irakurri du. Eraildako gazte bakoitzeko poesia bana idatzi zuen gazteak, eta egun berezi honetarako Jonan Aranguren Mugikaren olerkia hautatu du Isasik.