Txingudiko emakumeek multzoko txapeldun izan nahi dute
Debutaren urtea bikain bukatu dezake emakumeen lehen taldeak: igandean irabazten badute multzoko txapeldun izango dira. Bien bitartean, Txingudik Errugbi olinpiadak antolatu ditu bihar Plaiaundin.
Debutaren denboraldia bikain bukatu dezake Txingudi Errugbiko emakumeen lehen taldeak, beren multzoko lehen postua bere egin baitezakete. Bidasoarrek lidergoan den Sara Izarraren kontra jokatuko dute igandean Saran, 12:00etatik aurrera. Etxeko taldeak 18 puntu ditu sailkapenean, eta Txingudik, aldiz, 17. Hortaz, garaipena lortzen badute, B multzoko txapeldun izango dira Txingudiko emakumeak.
Aurten, Emakumeen Euskal Ligak talde guztiak multzo berean bildu zituen lehenengo fasea jokatzeko, eta sailkapenaren arabera, bi multzotan banatu ziren taldeak denboraldiaren bigarren zatirako. Sailkapeneko lehen sei taldeek A multzoa osatu zuten, eta horiek Euskadiko txapelketa eta igoera dute jokoan. B multzoa, berriz, errugbiaren “garapen” eta “sustapenerako” liga bilakatu dela adierazi du Txingudik. B multzoa zazpi taldek osatzen dute, eta bertan dago Txingudi. Irabaziz gero, multzoko txapeldun izango dira.
Bidasoarren balantzea “positiboa” izan dela baietsi du klubak. Lehen fasean, A multzora sailkatzeko zorian izan ziren, zazpigarren postuan bukatu baitzuten. Klubaren esanetan, Txingudiren helburua zen bi faseetan lan “txukuna” egitea eta partidatik partidara ikasi ahal izatea, honakoa izan baita taldearen debut urtea, jokalari hasiberri askorekin, gainera.
Bigarren fasea lehen postuan bukatu nahi badute ere, bidasoarrek ez dute “erronka erraza” izango, Sara Izarrak talde “indartsua” dela erakutsi baitu denboraldian zehar. Saran sortzen den giroak, gainera, kanpoko taldeei “presioa” eragiten diela nabarmendu du Txingudik. Hala ere, azken jardunaldian egindako lanak “konfiantzaz” bete ditu bidasoarrak, eta ez dute txapeldun geratzeko aukera pasatzen utzi nahi. Klubak emakumeei sostengua ematera animatu ditu zaleak.
Errugbi olinpiadak
Txingudi Errugbi Taldeak egitasmo berri bat sortu du aurten eskualdeko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin: Errugbi olinpiadak. Bihar, larunbatarekin, 12:00etatik aurrera, Txingudik denboraldian zehar ikastetxeetan egindako saioetan parte hartu duten ikasleak Plaiaundira bertaratzea gonbidatu ditu, plakaketarik gabeko errugbi topaketan parte hartzeko.
Kirol Aukera markaren babesarekin eta Pasquier Recondoren laguntzarekin, Bidasoko ikastetxeetako ikasleek Plaiaundiko zelaia, errugbia eta kirol horretan ohikoa den hirugarren zatia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dutela nabarmendu du klubak.