Oztopoak oztopo, hemen da Irungo Koadrila Eguna
Egun handia egikaritzeko bidea trabaz betetakoa izan bada ere, ekainaren 22rako jarri du zita Betti Gotti elkarteak. Aurten, gainera, berritasunekin datoz.
Sanmartzialak gainean dira. Hilabete eskas falta da Irungo jaiek eztanda egiteko, eta herriko eragileak hasi dira jada festen egitaraua ezagutarazten. Gaur goizean ekainaren 22an, larunbatarekin, egingo den Irungo Koadrila Eguna aurkeztu dute Betti Gotti elkarteko Patricia Sanchezek eta Yera Lakak eta Antxeta Irratiko Koldo Nausiak.
Betti Gottiko kideek aitortu dute 2023a urte “zaila” izan zaila antolakuntzan aritu diren kideentzat. Izan ere, “irmo” salatu dituzte iazko Herri Bazkarian langile batek jasandako “erasoa, oldarraldia eta agresioa”. Gertaera hori izan zen Ficobako lehen pabiloia husteko arrazoia. Lehen pabiloi hori 18 eta 22 urte arteko gazteentzako da, eta antolatzaileek argi esan dute aurten ez dituztela “errespetu faltak” eta “jarrera desegokiak” onartuko, Ficoban bilduko diren pertsona guztien “ongizatea” bermatu nahi baitute. Koadrila Eguna antolatzea “esfortzu” handia dela gogorarazi dute antolatzaileek, eta eskaera “berezia” egin dute “giro ezin hobean, ahaztezina izango dena eguna” denon artean zaintzeko.
Morea izango da aurten baliatuko duten kolorea. Berritasun bezala, gainera, Antxeta Irratiak kamiseta lehiaketa berreskuratu du. Diru laguntza “murrizketengatik”, azken zortzi urteetan ezin izan dute lehiaketa hori ondu, baina aurten berreskuratu egingo dute. Herriko kuadrillak animatu dituzte lehiaketan parte hartzera eta beren marrazki eta logoak bidaltzera. “Ekimen polita da, eta Herri Bazkaria kolore eta mezu alaiez girotzeko erreminta bikaina dira”, esan dute. Kamiseta proposamenak hilaren 30etik ekainaren 16ra bitartean bidali behar dira Betti Gottiren webgunera.
2023a urte “zaila” izan zela esan dute Betti Gottikoek. Iazko urte bukaeran, Irungo Udalak 2024ko Koadrila Eguna antolatzeko diru laguntzarik emango ez ziela jakinarazi dute. Horrek, Betti Gottik urtean zehar antolatzen dituen jarduerak ez egitea dakarrela adierazi dute; Koadrila Egunari esker lortzen baitute berme ekonomikoa gainontzeko ekintzak ontzeko. Betti Gottiko kideak udalarekin harremanetan daude, baina “arduratuta” daudela baietsi dute, ez baitute “argibiderik” ikusten.
Hori dela eta, udalari “gehiago” egitea eskatu diote, “bideragarritasun ekonomikoa” bermatzeko. Dei berezia egin diote udal erakundeari Betti Gottik sustatutako ekintza horri “balioa” emateko, beharrezkoak diren “segurtasun” eta “berme” guztiak asetzeko eta “egoera prekario” batetik ateratzeko laguntza emateko. Koadrilen Eguna desagertuko balitz, Betti Gottiren gainontzeko jarduerak eta elkartea bera desagertu daitezkeela esan dute: “21 urteko ibilbidean, hiri honetan eskainitakoa eta emandakoa desagertu daiteke”. Gauzak horrela, udalari haiekin batera lanean hastea eskatu dio Betti Gottik.
Egitaraua
Antolatzaileek programazio oparoa ondu dute ekainaren 22rako. Hona hemen:
- 09:00etan: Koadrilen gosari herrikoia Urdanibia plazan.
- 09:30ean: Goitiberan parte hartzeko zozketa Urdanibiako oholtzan.
- 10:00etan: Irun Hiriko III. Sari Nagusia Goitibera Lehiaketa. Kuadrillen kamiseta lehiaketaren sariketa.
- 12:00etan: Txaranga Peña Poteo eta Trikitilariak, Alde Zaharreko kaleak girotzen.
- 13:15ean: Kalejira, Urdanibia plazatik abiatuko da.
- 14:15ean: Bazkaria Ficoban eta globo txupinazoa.
- 16:00etan: DJ Balber. Ficobako ateak 16:00etan irekiko dira. 2 euro ordaindu behar dira sartzeko.
- 17:00etan: Burrunbarekin dantzaldia.
- 19:00etan: DJ Balber.
- 20:30ean: Kalejira eta Matraka elektrotxarangarekin itzulera. Merienda.
Parte hartzeko izen-emateak
- Gosari herrikoia: Izen-emateak hilaren 30etik ekainaren 8ra bitartean egin behar dira Betti Gottiren webgunean. Prezioa: 12 euro.
- Goitibera lehiaketa: Izen-emateak hilaren 30etik ekainaren 8ra bitartean egin behar dira Betti Gottiren webgunean. Prezioa: 10 euro.
- Kuadrillen kamiseta lehiaketa: Izen-emateak hilaren 30etik ekainaren 15era bitartean egin behar dira Betti Gottiren webgunean.
- Herri Bazkaria: Izen-emateak hilaren 24ko 12:00etatik hilaren 26ra bitartean egin behar dira Betti Gottiren webgunean, Ficobako edukiera bete arte. Prezioa: 20 euro.
- Merienda: Izen-emateak hilaren 30etik ekainaren 15era bitartean egin behar dira Betti Gottiren webgunean. Prezioa: 6 euro. Merienda jasotzeko nahitaezkoa izango da eskaera orria inprimatzea eta orri hori eramatea.
Herri Bazkaria
Koadrila Eguneko bazkari herrikoia Ficoban egingo da. Lehenengo eta bigarren pabiloiak bazkarirako ahalbidetu dituzte; hirugarrenera, aldiz, barra eta dantzaldia eramango dituzte. 1.800 pertsonarentzako edukiera du pabiloiak, eta aurtengo zapiaren kolorea morea izango da.
Txartela eskuratzerakoan eserleku zenbakia erreserbatu beharko dela gogorarazi dute antolatzaileek. Horrez gain, kuadrillek elkarrekin jarri nahi badute, txartelak elkarrekin hartzea “garrantzitsua” dela nabarmendu dute. Txartelak erosterakoan, pertsona baten datuak bilduko dituzte, eta sarrera gisa erabiliko den txartela inprimatu beharko da. Dieta berezia behar duten, edo intolerantzia edo preskripzio medikua duten pertsonek aukera izango dute adierazteko eta eroslearen ardura izango da bere kuadrillan ere hori adieraztea.
Sarrerak zenbakituak direla argitu dute antolatzaileek; hortaz, ezingo da norberaren tokian ez den tokian eseri. Adingabekoei sarrera ez erostea eskatu diete, ez baitiete utziko Ficobara sartzen. Kanporatuak izango direla jakinarazi dute, eta ez zaie dirua itzuliko.
Berritasunak
Aurrez aipatu bezala, zortzi urteko etenaldiaren ondoren, kamiseta lehiaketa berreskuratu dute antolatzaileek. Hala ere, ez da aurtengo berritasun bakarra. Alde batetik, merienda antolatu dute arratsalderako. Mokadutxo hori jasotzeko aurrez izena eman beharko da, eskaera orria inprimatua eramanez. Bestalde, emakumeei dei egin diete Goitibera Lehiaketan parte hartzera, haiekin batera ere gozatu ahal izateko. Azkenik, alkohol kontsumoa prebenitzeko stand bat jarriko dute Ficoban. Sentsibilizatzeko eta informazioa eta arreta emateko baliatuko dute. Hala nahi duenari ere alkohol frogak egingo dizkiote.
Puntu morea
Ficobak puntu morea ere izango du. 17:00etatik 20:00etara bitartean aktibatuko dute, eta honakoak dira gune horren egitekoak:
- Herritarrak emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan sentsibilizatzea.
- Indarkeria matxisten biktima izan daitezkeenak dagozkien baliabideetara bideratzea.
- Leku batetik bestera joateko laguntza behar dutenak bilatu eta horretarako izena eman dutenen boluntarioekin bidean laguntzea.
Errespetua ezinbestekoa
Herri Bazkaria ondo joan dadin, “errespetua ezinbestekoa” dela argi utzi dute Betti Gottiko kideek. Egitasmoaren atzean pertsona askoren lana eta parte hartzea daudela oroitu dute, eta hurbiltzen diren pertsonei “errespetuz” eta “lasaitasunez” jokatzea eskatu diete. Txartelen banaketa egunean “arau sinple” batzuk banatuko direla azaldu dute, eta “jarrera desegokiak” badaude, antolakuntzak “neurriak” hartuko dituela esan dute.
Koadrila Egunaren gaineko informazio gehiago Betti Gottiren webgunean eta sare sozialetan aurkituko dute interesdunek. Horrez gain, norbait boluntario gisa laguntzeko prest baldin badago, Betti Gottirekin posta elektroniko bidez harremanetan jartzea eskatu dute.