"Oso pertsona humanista zen; sufrimendu batzuk bere egiten zituen"
Hilaren 6an ehun urte bete ziren Nestor Basterretxea artista jaio zela. Bermeotarra jaiotzez, Hondarribian zendu zen 2014an. Ilobak, batez ere, haren alderdi gizatiarra goraipatu du.
Familian nola bizi izan zenuten jaiotzaren mendeurrena?
Egun horretan Bermeon izan ginen, omenaldian. Egia da aitonak ez zuela gehiegi ospatzen bere urtebetetzea. Orduan, beno, egunak gehiago izan zuen omenalditik ospakizunetik baino. Azkenean, hau guztia ez da egun batera mugatzen. Hamar urte bete dira hil zenetik, eta pila bat oroitzen naiz berarekin. Barrenak mugiarazten zaizkit.
Egun seinalatuetan are gehiago mugiaraziko zaizkizu barrenak.
Bai. Urtebetetzea bada, beste aitzaki bat bera oroitzeko. Omenaldia polita izan zen. Aitona oso pertsona eskuzabala zen eta edozeinek eskatzen bazion marrazki edo pintura bat egiteko, edozein izanda ere, egiten zuen. Oroitzen naiz Talaian nengoenean, Soroetan, sei urteko gelan, irakasleak marrazki lehiaketa bat egingo genuela esan zuela eta aitonari trofeo bat egin zezala eskatzea proposatu zidala. Aitonak «nola ez» esan, eta gau osoa egon zen hori egiten. Eredu bat da, bere konpromisoa %100koa zen beti. Omenaldietan ikusten ari garena da babes pila bat, bere lagunen aldetik, sortzaileen mundutik, kulturaren arlotik… Berak bere inguruan sortu zuen unibertso hori erantzuten ari da.
Bermeon jaio zen, baina bere bizitza erdia Hondarribian egin zuen. Nolako arrastoa utzi du herrian?
1970ko hamarkadan etorri zen Hondarribira. Lehenengo erbestera joan zen 12 urterekin, eta han izan zen berrogeita piku urte zituen arte. Gero Irunera joan zen Jorge Oteizarekin. Etxea diseinatu eta bertan bizi izan zen 12 edo 15 urte luzez. Ondoren etorri zen Hondarribira. Egia da aitona ez zela asko kalera ateratzen. Egunean 15 orduz egiten zuen lan. Nik esango nuke artearen langilea edo obreroa zela. Kaletik ez zen gehiegi ibiltzen, kontrakoa. Jendea beregana joaten zen bisita egitera, berarekin hitz egitera… Iturmendieta baserria zen bere basea, eta bertan zuen bere erakusketa areto txikia, beheko partean.
Gero, Hondarribian eskultura hau dugu, Zinbaue deitzen dena, eta badago beste obra bat agian oso ezaguna ez dena. Marinel barkuaren eskuinean bere anaiak egindako etxe batzuk daude, arkitektoa da, eta goian badu haize-orratz antzeko bat. Aitonaren eskultura bat da, ez da batere ezaguna. Eta uste dut ez dauzkala gehiago hemen.
Gehiago dauzka Hondarribitik kanpo.
Bai, uste dut guztira 150 obra publiko baino gehiago egin zituela, eta horiek sakabanatuta daude mundu osoan zehar. Gehienak uste dut Bermeon daudela, Irunen ere, Ameriketako Estatu Batuetan, Argentinan…
Mendeurrenagatik, akaso, urtarrilean Mahaia film laburra plazaratu zenuen. Zerk animatu zintuen hori sortzera?
Enkargu bat izan da. Artium Museoak mendeurrenaren harira halako bost elkarrizketa enkargatu dizkit. Lehenengoa familiari egitea proposatu zidaten eta gidoia eta ideia nire esku utzi zituzten. Orduan familia bezala zerk batzen gintuen pentsatu nuen. Baserria saldu zenetik ez dugu elkartzeko toki bat. Lehen baserria zen, eta orain, aiton-amonak ez daudenez, zailagoa da biltzea. Baserria saldu zutenean gogoratzen dut mahaia ikusi eta «hori ezin dugu galdu» esan nuela. Oso mahai handia da, baina etxean sartu genuen. Mahai horren inguruan asko bildu gara. Sinbolo bat da. Gainera, zirkularra da eta badu zentzu bat ere. Haren inguruan biltzen ginen eta horregatik aukeratu nuen.
Bertan Nestor Basterretxea nolakoa zen deskribatzen dute haren seme-alabek. Zuk zeuk deskribatu beharko bazenu, zer esango zenuke?
Bi alderdi daude: gizatiarra eta artistikoa. Bigarrenari helduz, berak beti aldarrikatzen zituen sorkuntza, eta utopia. Berak bazuen halako esperantza bat; arteak mundua alda zezakeela uste zuen. Hori utopia hutsa da, baina utopia bezala oso polita da. Horretan sinesteak nolabait lasaitzen zaitu. Aitona, zentzu horretan, oso konprometitua zen bere artearekiko eta bere estetikarekiko. Oso langilea zen eta ez dut esango egolatra bat zenik, baina egia da zure lanean sinistu behar duzula, bestela ez zarela inora heltzen. Bere lana defendatzen zuen bere konbentzimendu guztiarekin eta esaten zuen: «Ez dudanean nigan sinisten, egiten dudana da lan egin». Marrazki bat ateratzen ez bazitzaion beste bat egiten zuen. Orduan insistentzia hori goraipatuko nuke.
Eta gero, alderdi gizatiarrari dagokionez, nire erreferente nagusiena da. Niretzat lagun bat zen. Txikitatik konektatu nuen berarekin eta orduak eta orduak pasa genituen elkarrekin. Bera mahai batean marrazten eta ni beste batean ordenagailuarekin jolasten edo marrazkiren bat egiten. Umorea ere konpartitzen genuen. Umore absurdoa pila bat gustatzen zitzaion, surrealismoa… Ergelkeriak eta horrelakoak konpartitzen genituen. Nik tontakeria bat esan eta berak osatzen zuen. Eta esango nuke ere bereak egiten zituela beste sufrimendu batzuk. Telebista pizten zuen eta ezin izaten zituen albisteak ikusi, asko sufritzen zuen. Gerra garaiko traumarengatik zela uste dut. Orduan, horregatik egiten zituen ez dakit nori zuzenduriko omenaldiak, edo bakerako obrak. Orain, adibidez, ziur nago Palestinako sarraskia salatzeko lan bat baino gehiago egingo zituela. Oso modu naturalean ateratzen zitzaion. Oso pertsona humanista zen zentzu horretan, eta horrek asko markatzen zaitu.
Haren sen artistikoa hedatu al da familian?
Bai. Batez ere sentsibilitatea garatu dugula esango nuke, hor dugu hazia. Asko gustatzen zaigu erakusketetara joatea eta familian erakusketetaz, artistez, pelikulez edo liburuez hitz egiten dugu askotan. Azkenean aberatsa da, eta polita. Gero, film laburrak egiten ditut nik, lehengusuak ere bere harrikada dauka, lehengusinak ere bai…
Artista bat hiltzen denean zaila izaten da haren lana gordetzea. Gaur egun non aurki dezakegu haren lana?
Lehen baserrian zegoen dena. Hori saldu genuenean Oiartzunen biltegi bat erosi zuen familiak eta hor gorde zen ia guztia. Gordailuan ere gorde zuten bere obraren zati inportante bat. Bere obrarik garrantzitsuenak hor daude, ondo kontserbatzeko. Eta orain justu Gasteizko Artiumi eman dizkiogu 4.000 edo 5.000 artxibo dohaintzan. Pelikuletako gidoiak, idatziak, kartak eta horrelakoak daude. Inauguratu berri dute. Beste zati bat museoetan dago.
«Familian batez ere sentsibilitatea garatu dugula esango nuke»
Familian baduzue eskultura edo marrazkiren bat bereziki gustatzen zaizuena?
Asko ditugu, baina horietako bat oso berezia da. Pelikula bateko gidoi bat izan zitekeen. Aitona Argentinara joan zenean, 18 urterekin, Nestle konpainiarako lanean hasi zen kartelak eta iragarkiak egiten, eta soldata pixka bat osatzeko bere estudioan erretratuak egiten zituen. Nire amona erretratu horietako bat egiten ezagutu zuen. 25 urte izango zituen. Gustatu zitzaion eta berarekin ahalik eta denbora gehien pasatzeko detaileak egiten hasi zen. Ile bat, beste bat… Segur aski aitonak gehien landu duen obra izango da.
Non dago obra hori?
Ez dakit [barrez]. Gordailuan dagoela uste dut, edo bestela Oiartzunen.
Duela bi urte olona bat jarri zuten Irungo Oteiza-Basterretxea etxean, zaintzeko. Berreguneratze lanak egitekoak ziren. Horiek nola dauden ba al dakizu?
Une honetan geldirik dago. Badago proiektu bat Fernando Golvano komisariatzen ari dena, Mugarte izenekoa, eta badakit hor ibili zirela etxea edo fatxada soilik mantendu nahian… Azkenean fatxada mantendu dute. Azken omenaldiaren ondorioz (hilaren 6koa, Bermeon) Miguel Zugazak, egun Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria denak, oso artikulu ederra egin zuen etxea goraipatuz eta esanez Euskal Herrian dugun ondare inportanteenetarikoa dela. Espero dut martxan jartzeko aitzakia izatea. Proiektuak merezi du.