"Soinu sistemaren ekiporik gabe, sistema horren parte gara"
Iazko udaran sortu zuten Lilibat Sound, eta soinu sistemaren munduan sartu dira bete-betean. Emakumez soilik osatutako era horretako kolektibo bakarrenetakoa da Euskal Herrian.
Nondik abiatu zenuten Lilibat Sound proiektua?
AMETS SAN MILLAN: Reggae festetan ibiltzen ginen hiruak, bakoitza bere kabuz. Dena den, beti elkar topatzen ginen, Euskal Herriko reggae festa eszena oso txikia delako. Gaztetxetan, aretoetan, kalean… edonon topatzen ginen, ahal zen lekuan. Esan daiteke horrelako lekuetan sortzen direla taldeak.
GARAZI SISTIAGA: Festa berberetara entzule bezala joan garen hiru pertsona gara. Azken finean, beste pertsona batzuekin zerbait komunean duzunean eta ikusten duzunean proiektu bat atera daitekeela, eta proiektu horrek funtziona dezakeela, proba egiten duzu. Hori izan da gure kasua. Hiruek egiten ditugun gauzak batu ditugu eta proba egin, eta fruituak eman ditu.
Noiz hasi zineten biltzen elkar banaketa horretarako?
SAN MILLAN: Izaro eta biok bi urte generamatzan musika jartzen, gure musika partekatzen. Lokal batean elkartzen gara eta halako batean, Garazi gonbidatu genuen bere musika parteka zezan. Ikusi genuen oso guai uztartzen zirela gure musikak. Gainera, Garaziren ahotsak ere oso ondo bat egiten zuen denarekin, eta berak zeharkako txirula ere jotzen du. Orduan, Garazik egiten zuen guztiarekin zerbait oso ederra atera zitekeela pentsatu genuen.
IZARO BERASATEGI: Guri soinu sistemaren kultura gustatzen zaigu, eta gure helburua reggae musikaren bitartez espazio seguru, alai eta dantzagarria sortzea izan da. Soinu sistemaren jatorria Jamaikan dago, eta normalean kolektibo batek antolatzen du, autogestiotik. Soinu sistemaren kulturan, ekiporik gabe ere parte izan zaitezke kide musika jartzen, eta hori da gure kasua. Gustatuko litzaiguke soinu sistema propio bat izatea eta hori finantzatzeko merchandising-a aterako dugu.
Zein generotan topatu zenuten konexioa?
SAN MILLAN: Reggaeren barruan musika estilo asko daude: roots, dub, steppa, lovers, dancehall, disko reggaea, disko funkya… Gutako bakoitzak duen jakintza eta gustuekin aritzen gara. 1960ko hamarkadako reggae musikatik gaur egungo musikara arte eboluzio eta aldaketa asko egon dira.
Gaur egun reggaean topa daitezken estilo desberdinak aspaldiko musikak dira. Lehen, hamarkadaka bereizten ziren musika generoak, orain musika soinuaren arabera, eta guk estilo guztiak hartzen ditugu. Bakoitzak bere gustuak ditu eta roots-etik stepp-arainoko abanikoa dugu zabalik.
Emanaldi bakoitza desberdina al da?
SISTIAGA: Soinu sistema formatuan egiten ditugu pintxadak gehienbat. Horrek esan nahi du ez dela oholtza baten gainean egiten den zerbait. Oholtzaren gainean zerbait egiten duzunean formatua desberdina da: jendea behean dago eta entzule eta musikarien artean distantzia bat dago. Guk ez dugu gure soinu sistema propioa, baina bai lagunek, eta haiek gonbidatu izan gaituzte. Beste aldetik, aukera izan dugu ere gaztetxe edo aretoren batean haien mahaiarekin musika pintxatzekoa. Saiatzen gara entzuleen mailan egoten, hori zaintzen dugu.
Euskal Herriko soinu sistemak saretuta al zaudete?
BERASATEGI: Soinu sistema mugimenduan ibiltzen den eta bakarrik emakumeena den kolektibo bakarra dago Euskal Herrian, eta Yare izena dute. Beraz, sare bat beharrean, bikote bat gara. Egia da badaudela reggae munduan emakumeenak soilik diren taldeak, baina Euskal Herritik kanpokoak dira. Yarekoekin batera sare bat eratzen ari gara, eta gero eta emakume gehiago gaude soinu sistemaren munduan, bai dantzatzen eta bai musika jartzen.
Lehen, entzule bakarrik nintzenean, ikusten nuen soinu sistemen ingurukoak maskulinizatuagoak dauden espazioak zirela. Orain ikusten dut badaudela emakume gehiago horrelako giroetan. Festaren arabera ere aldatzen dela esan behar da. Gero, musika jartzerakoan aldaketa dagoela ere ikusi dut. Baina zentzuzkoa da: emakume entzule gehiago baldin badaude, seguruenik emakume gehiago arituko gara musika jartzen. Gogo gehiago izaten dituzu hasteko. Nik uste mugimendu feministak pila bat egin duela, oholtzak gureganatzen, espazio publikoak gureganatzen… Lan pila egin da eta zorionez gero eta erreferentzia gehiago ditugu. Elkar zaintzen gara zainduak sentitzen garen espazioetan, segurtasuna ematen diguten espazioetan.
Gaur Biarritzeko Atabalen joko duzue jaialdi batean. Zergatik da zuentzat garrantzitsua?
SISTIAGA: Equal Brother Ipar Euskal Herriko beteranoek antolatu dute jaialdia. Gure ibilbidea duela hilabete batzuk hasi zen eta hain hilabete gutxitan horrelako festa batera joatea, nire ustez, zerbait ondo egiten ari garenaren seinalea da, edo gutxienez feedback bat dagoenaren seinale. Bultzada ematen digu aurrera egiteko.