Irungo azoka ereduak aztergai
Udalak 2027an likidatuko du MerkaIrunekin udal azoka ustiatzeko duen esleipen kontratua. Egungo kontratuak langileak «itota» ditu. Beste ereduei begira, kudeaketa pribatua duen Uranzu azoka dago.
Irunen bi azoka estali daude: Udal Merkatua, Mendibilgo merkataritza zentroaren beheko solairuan; eta Uranzu azoka, San Migel auzoan. Irungo Udal Merkatuak 2000an ireki zituen bere atakak, mende berri batera sartu berritan. Garai hartan, merkatu berriak eraikitzeko proiektu andana izan ziren nonahi, eta azokak hirien erdiguneko merkataritza zentro berrien beheko solairuetan sartzeko tendentzia ere izan zen. Esaterako, Donostiako La Bretxa merkatuan, edo Errenteria-Oreretako Niessenen. Zaharragoa da, aldiz, Uranzu azokaren historia, 1978an hasi baitzuen bere jarduna, eta ordutik Basurto kaleko eraikin ezagunena da.
Aurten, Iparralde hiribidean dagoen Udal Merkatuaren esleipen kontratuarekin bukatzeko urratsak egiten hasi da Irungo Udala. Gaur-gaurkoz, MerkaIrun elkarteari egina dio merkatu horren esleipena, baina, orain, azoka «berritu» nahi du udalak orain arteko proiektua «agortuta» dagoelako. Horretarako, 2027. urtera bitarteko hiru urteko trantsizio epe bat abiatu dute, «azokaren egungo eredua eraldatzeko» irizpideak ezarri ahal izateko. Hiru urte horiek pasatakoan, esleipena guztiz likidatu egingo dute, eta bestelako eredu bati helduko diote. Izan ere, egun, MerkaIrun elkartearen bidez komunikatzen dira udalarekin, atzean utzita postu bakoitzak udalarekin harreman zuzena zituen garaiak. Eredu hori ere aztertu egingo du udalak, eta dagoeneko aurre-proiektua idazten ari da. «Udalak ahalik eta azkarren bukatu behar du fase hau. Hiru urte beharrean, denbora gutxiago behar badu, merkatuak eta Irunek irabaziko dute. Hiri biziagoa eta interesgarriagoa izango da. Epeak ahalik eta gehien laburtu behar dituzte», galdegin du Txaro Arribas MerkaIrun elkartearen presidenteak.
Jada abiatu diren hiru urte hauetan, «konponbideak bilatu» eta beste azoka «eredu bat» sortu nahi du udalak, «kontsumitzeko modu berriei» begirakoa. Udal erakundeak aurreratu du «gertutasunaren, espezializazioaren eta tokiko kalitatezko produktuaren aldeko apustua» berretsiko duela. Azokak 38 posturentzako tokia du, eta horietatik guztietatik hamalau dira zabalik jarraitzen dutenak. Beraz, erdia baino gehiago hustu egin dira bi hamarkada eta erdian. Bertara bisita bat eginez gero arrandegiak, harategiak, fruta denda bat, eta ostatu bat aurkituko ditu erosleak, eta goiz eta arratsaldez topatuko ditu langileak bertan.
Bien bitartean, udal azokako merkatariek tentuz begiratzen diote hiru urteko epe horri. MerkaIrun elkartearen presidenteak bat egiten du azokak «aldaketen beharra» duela esatean, eta gaineratu du 24 urtez daramala behar horrekin. Azokaren etorkizuneko distribuzioa nolakoa izango den erabakitzeko, udalak azaldu du merkatariak aintzat hartuko dituela, baina Arribasek deitoratu du oraindik ez dutela prozesuaren berri emateko bilerarik izan. Hari galdetuta ea zer-nolako azoka imajinatzen duen, argi du belaunaldi erreleboaren faltaren gaiak presente izan behar dela. Era berean, egungo gazteek «denbora falta» izaten dutela uste du, eta horregatik supermerkatuetan behar duten guztia erosteko ohitura dutela. Era berean, belaunaldi berriak jaten dutenarekiko kontzientzia handiagotzen ari direla, «poliki-poliki» bada ere, uste du. «Elikaduran arreta gehiago jartzen dute eta kontu handiagoarekin egiten dituzte erosketak. Gertuko eta kalitatezko produktuak baloratzen jarraitzen dute».
Hargatik, etorkizuneko azokak egun udalak eskaintzen dituen 38 postu baino gutxiagorekin «kalitate handiagoa» eskaini dezakeela iritzi du presidenteak. Merkatuak espezializazioak eskaini behar dituela uste du, eta zerbitzu horregatik bezeroa erakarri. Arreta pertsonalizatuari eutsi behar zaiola ere uste du Arribasek. «35 urte daramatzat bakailaoa saltzen, eta urte horietan guztietan nire bezeroen familiaren eboluzioa ikusi dut. Arreta pertsonalizatua ez da galdu behar, plus bat da». Carlos Zubikoa udal merkatuko merkatariak ere bat egin du arreta pertsonalizatuaren garrantziarekin: «Hona erostera etortzeko kontzientzia familia barruan, belaunaldi artean, egiten da».
Udal azoka eredua
Komertzio txikientzat online salmentetara ailegatzea zaila dela azaldu du presidenteak, langile gutxi dituzten postu txikientzat lan extra delako beste zerbitzu bat kudeatzea, eta eraikinak berak aldaketa bat behar duelako kanpo banaketak logistikoki funtziona dezan. «Ez da kasualitatea udal azokako postu bakarra topatzea Irun Marketen [erosketak online egiteko udal plataforma]». Arribasek ondorioztatu du «aldaketa asko» behar dituela azokak, eta uste du «akatsa» izan zela azokak merkatalguneen eraikinen azpiko solairuan lurperatzea. «Espaloiaren parean atea duen azoka hobea dela uste dut, aire zabalarekin kontaktuan dagoena». Oso urrutira begira jarri gabe badaudela baliagarriak izan daitezkeen azoka ereduak uste du. «Bartzelonako La Boqueria ez da eredua, egunean milaka turista pasatzen den lekua delako. Garrantzitsuena da aukerako produktuak dituen azoka izatea, eta arreta pertsonalizatua. Sozializatzeko espazio batek ere funtziona dezake asteburuetan, baina astean zehar ez dugu horren beharrik, turismoa ez delako gure motorra». Aldi berean, bezeroei ere kontzientzia izatea eskatu die: «Ezin dugu pentsatu dena Internetetik erosiko dugula, horrela hiltzen delako etxeko merkatua. Nik ezin dut bizi lau urtetik behin etortzen den bezeroaren esperoan. Ezin dugu marka handiekin lehiatu». Hiru urteak luze joango direla uste du Arribasek.
Udalarekin duten hitzarmenak, baina, MerkaIrunekin duen harremana barnebiltzeaz gain, postu bakoitzaren esleipen kontratuak ere zehazten ditu. Bide horretan, 50 urteko kontratua daukate sinatuta bertako langileek, eta postua itxi dutenek, edota erretiroa hartu eta erreleborik izan ez dutenek, esleipenean adostutako diru kopuru bat ordaintzen jarraitzen dute, postuaren jabeak izango balira bezala. Hala azaldu du Harkaitz Iartzabalek; Irungo bi merkatuetan arrandegia du, eta iaz arte San Migelgoaren presidentea izan zen. Udal Merkatuaren esleipena bukatzera doala galdetuta, udalak esleipen kontratuarekin eta han ageri diren komisioekin merkatariak «itota» dituela azaldu du. «Udala presionatzen aritu gara, denak alde egin nahian egon garelako komisio horietatik», gogorarazi du. Azkenean, udalak beste hiru urte postuekin egotera «derrigortu» egin dituela salatu du Iartzabalek, «kontutan hartu gabe orain bertan joan nahi dugula bertatik».
Udalak 2027an esleipen kontratuak likidatuko ditu, bertako merkatariekin adostu ondoren. Orduan, udal erakundeak kalte-ordaina emango die merkatariei azokatik alde egiteagatik, baina jasoko dutena «miseria» bat dela azaldu du Iartzabalek. «Gure eskaera izan da ez dugula nahi komisio horiekin jarraitu, eta bien bitartean, udala saltzen ari da azoka berritzeko asmoa duela, orain dagoen inork bertan segitu nahi ez duenean». Fokua hitzarmenean, eta ez azoka ereduan jartzea nahi du arrandegiko langileak. Azokako langileen lan baldintzak hobetu nahiko lituzke.
Uranzu azokako eredua
Iartzabalek udal azokaren eta Uranzu merkatuaren kudeaketan alde nabariadagoela uste du. Izan ere, Uranzu azoka pribatua da, eta merkatariak postuaren jabe dira, edota alokairua ordaintzen diote maizter bati. Komunitate batek kudeatzen du Uranzu, eta Iartzabal presidente izan den urteetan gastuak «ahal izan dugun bezainbeste» gutxitu egin dituztela adierazi du, Udal Merkatuan duten «itoaldiaren» kontrara.
Uranzuko azokan, egun, sei postu daude zabalik, eta azoka honen erronka nagusia merkatariak lortzea dela nabarmendu du Iartzabalek. Haren ustez, postu itxiek ez dute bezeroa erakartzen, eta zaildu egiten du postu batetik bestera konparatzen aritzeko xarma. Jose Mari Pirizek 42 urte daramatza Uranzu merkatuan, familiatik jaso duen harategian. 1982an ireki zuten haien txokoa, San Migelgo azoka horren irekieratik lau urtera. Jabetzan postua izateak «abantailak» dituela, alokairu kostu handien aurrean, pentsatu izan du beti, erretiroa hartzea pentsatzen hasi den arte: «Ez dirudi inork segituko duenik eta oso zaila dago postua saltzea edo alokatzea».
Agerikoa da Uranzu merkatua ez dela inoiz eraberritu, eta zahartuta dagoela, hala dio Iartzabalek. Horrek kostuetan baduela eragina dio, «komunitateko gastuak askoz ere baxuagoak dira, manten daitezkeenak». Adibidez, garbikuntza enpresako gastuak nola jaitsi aztertzen aritu izan dira, haien esku dagoelako. «Postua itxita edukita ere 60 euro ordaintzea, bada beno… Udal merkatuan postua itxita edukita ere hilean dirutza handi bat ordaindu behar da», azaldu du. Udaletik aldendutako kudeaketa propioak bizi kalitatean ere eragin diela uste du presidente ohiak. «Pandemiarekin arratsaldetan ez irekitzen hasi ginen, eta beste mundu bat deskubritu dugu. Lasaiago gaude. Ni, adibidez, goizeko 04:00etan esnatzen naiz, portura joan, Merka Oiartzundik pasa, arrandegira joan, bertan goiz osoa pasa eta 14:00ak aldera bukatzen dut. Azkenean, ia 11 ordu egiten ditut lan orain. Lehen, arratsaldetan ere egoten nintzen arrandegiko langileekin, eta hainbeste lan orduk ez zuen konpentsatzen». Uranzu garai berrietara egokitu da. Orain, ikusteke dago ea Udal Merkatuak horretarako formula topatzen duen.