Sei zuzenketa onartuz gero, EAJk aurrekontuen alde bozka dezake
Guztira 19 dira talde jeltzaleak proposatutako zuzenketak, baina gutxienez sei onartuz gero, aurrekontuak onartzeko aldeko botoa emateko prest agertu da EAJ. Guztira, 1.910.000 euroko zuzenketa da egin dutena.
Agortzear da aurrekontu zuzenketei ekarpenak egiteko epea eta EAJk 19 proposatuko dituela adierazi du. Guztira, 1.910.000 euroko balioa duen zuzenketa izango da. Horrez gain, Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariarekin bildu dira eta “akordiorako borondatea” erakutsi diote, baita aldeko boto posiblea adierazi ere. Hori hala izateko, gutxienez sei zuzenketa onartzea jarri dute baldintza moduan, guztira 545.000 euro litzatekeenak.
Gutxieneko sei zuzenketen xehetasunak eman dituzte. Batetik, Hegoaldeko Ingurabidearen 3. fasearen proiektua idazteko 200.000 euroko zuzenketa eskatuko dute. Epe labur ertainean eta ertain luzera gauzatzeko proiektua izatea nahi dute, eta Oinaurre Azken Portu- Behobia inguruarekin lotuko ditu ingurabideak.
Hutsik dauden etxebizitzen alokairua sustatzeko 200.000 euro bideratzea proposatu dute. Bizigune programa osatzea da eskatuko dutena. “Horrela, Irunen ditugun etxebizitza huts asko epe luzeko alokairuko merkatura prezio tasatuekin atera, ondorioz gazteek, behar gehien duten familiek, zein behar dutenek, Irunen etxebizitza bat lortzeko aukera izan dezaten”.
San Migel auzoko Luis de Uranzu plaza berriz urbanizatzeko azterlana egiteko 20.000 euroko zuzenketa egitea nahi dute. Eremuaren irisgarritasuna hobetzearen aldeko apustua egitea da asmoa, HMJP jasotako neurriak kontutan hartuz. Bide horretan, altzari jasangarri berriak gehitu nahi dituzte eta berdeagoa eta itzal gehiagoko espazio bat eskaini nahi dute.
Urdanibia jauregia gaitzeko eta sakabanatuta dagoen udal artxiboa lekuz aldatzeko 50.000 euro gehitzea proposatu dute jeltzaleek. Eskaera egingo dute Udalaren Artxiboko funts ez historikoak Urdanibia Monumentu Multzora lekualdatzeko. Instalazio horiek, aurretik, Euskadiko Filmategiaren gordailu izan dira, eta euskarri organikoak kontserbatzeko ondo egokituta daudela azaldu dute.
Bosgarrenik, 2000. urteko Kulturaren Plan Estrategikoa eguneratzeko 25.000 euroko ekarpena egitea nahi du EAJk. Irungo Kultura Proiektu Estrategiakoa 2000. urtekoa da eta gaur egun Irunen mantentzen diren irizpide kulturak ezartzen ditu. Zer premia kultural dituen hiriak, zer aurreikusi behar den edota herritarrek zer eskatzen duten. Kreditu zuzenketarekin plan estrategikoa eguneratu nahi dute. “Izan ere, iparrik gabe hegorik ez dagoen bezala, planik gabe ez dago eta ez helbururik, ezta emaitzarik ere”.
Azkenik, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearen Tailer Etxea erabilera publikorako egokitzeko azterlana egiteko 50.000 euroko zuzenketa proposatu dute. Tailer Etxeak etorkizunean erabilerarik izango badu beharrezkoak diren instalazio guztiak berrantolatu eta trazatzeko beharra dagoela diote: kanpoko saneamendu sarea, barne saneamendukoa, iturgintzakoa, klimatizaziokoa, aireztapenekoa, suteen aurkako segurtasunekoa eta telekomunikazioetakoa. Gogoratu dute etxebizitza honen solairuetako batek ez duela altuera librerik eta zaildu egiten duela erabilera publikora egokitzea.