Lanuzte gehiago egingo dituzte Decathlonen
Hitzarmen estatala baliatzen du kirol denden kateak, eta Irungo dendarako Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokitutako propio bat eskatuko dute. Lanuzteak larunbat honetan egingo dituzte, goizean nahiz arratsaldean.
Decathlon enpresak Espainiako Estatuko hitzarmena baliatzen du Euskal Herriko bere dendetako langileekin. Hala, erkidego guztietako langileek baldintza berberak dituztela salatu du ELA sindikatuak, errealitate sozioekonomiko eta sindikal ezberdinak aintzat hartu gabe. Martxoan hasi ziren lanuzteekin, eta larunbat honetan berriro egingo dituzte 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 19:30era bitartean.
Hego Euskal Herrian dagoen gehiengo sindikala ez dagoela negoziaketa mahaian ordezkatuta uste du ELAk, eta beraz, euskal langileen aldarrikapenak ez daudela bertan islatuta azaldu dute.
Bide horretan, soldata igoerak eskatzen dituzte KPIaren azpitik, baita gaixotasun arruntetarako prestazioetan atzera pausuak ematea ere. Horrez gain, urteko lanaldia 1770 ordukoa izatea oraindik nahi dute edota igande eta jai egunak araututa egotea, nahiz eta Hego Euskal Herrian ez diren egutegian lan egunak.
Eskakizun horiez aparte, langileriaren gehiengoa lanaldi murriztuan ari dela lanean azaldu du sindikatuak, eta kasu horietan lan ordutegietan malgutasun handia eta gehiegizko aldaketak pairatzen ari direla salatu dituzte. “Baldintza. guzti hauen ondorioa oso argia da: lan prekarietatea”.
Irungo Decathloneko langileek diote egungo lan baldintzek eragindako egoerarekin bukatzeko modu bakarra lan zentroko hitzarmena lortzea dela. Horretarako, prozesu bat jarri dute martxan zeinetan asanbladak egin dituzten, eta enpresari negoziatzeko nahia adierazi diote.