Hitzarmen propioa eskatu dute Gipuzkoako sorosleek
Eguerdiko 12:30ean egin dute elkarretaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Titularitate publikoko kiroldegietako hitzarmeneko lan baldintzen ekiparazioa eskatu dute, besteak beste.
Gaur eguerdian Gipuzkoako hondartzetako sorosleek elkarretatzea egin dute. ELA sindikatuak deituta 12:30ean bildu dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean titularitate publikoko kiroldegietako hitzarmeneko lan baldintzen ekiparazioa barnebiltzen duen hitzarmen propioa eskatzeko eta kudeaketa integrala Aldundiak bere gain hartu dezala aldarrikatzeko.
Gipuzkoan zortzi udalerrik dituzte hondartzak, Hondarribitik Mutrikuraino. Udaro 200 bat pertsonek egiten dute lan sorosle gisa herritarren segurtasuna bermatzeko, eta zerbitzua BPXport, Gurutze Gorriak eta Jaso Kirol Zerbitzuak enpresek kudeatzen dute.
ELA sindikatuak azaldu duenez 2023ko irailean izan zuten lehen aldiz sektoreko hitzarmen propioa lortzeko aukera eta hori baliatuz mahai negoziatzailea sortu zuten. Mahai horretan sindikatuak hasieratik defendatu zuen Gipuzkoako titularitate publikoko kirol instalazioen hitzarmen kolektiboko lan baldintzen ekiparazioa beharrezkoa zela, “negoziazioen aurretik hori baitzen erreferentziatzat hartzen zen hitzarmena”. Egun 6.000 euroko aldea dago igerilekuetako eta hondartzetako sorosleen soldaten artean. Lanaldia, berriz, 39 ordutik 35era murriztea eskatzen du ELAk.
Horretaz gain, zerbitzuaren kudeaketa Udalen esku egon beharrean Aldundiak ardura bere gain hartzea ezinbestekoa dela deritzote. Hala, udalerri guztietan langileek baldintza berak izango lituzketelako, “Bizkaian egiten den gisan”.
Aukera hori 2023ko abenduaren 13ko Batzar Nagusietako osoko bilkuran bozkatu zuten eta gehiengoz onartu bazen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak oraindik martxan jarri ez duela salatu dute. Haatik, zortzi hilabeteren ondoren akordiorik gabe jarraitzen dute langileek. Egoera horretan mobilizatzea erabaki dute.