Garagardoaren prozesu osoa etxean egitera konprometitu dira hiru garagardo marka
Bidassoa Basque Brewery, Mala Gissona eta Naparbier zerbeza sortzaileek egin dute bat. "Eredu lokalagoaren, iraunkorragoaren eta kalitate handiagokoaren aldeko apostua da egin dutena.
Bidassoa Basque Brewery, Mala Gissona eta Naparbier zerbeza sortzaileek bat egin, eta garagardoa Euskal Herrian produzitzeko konpromisoa hartu dute. Garagardo egileen Euskal Herriko lehen batasuna dela iragarri dute, Bidasoa sortzen den lekutik bukatzen den lekurainokoa.
Adierazi dutenez, %100 hemen egindako garagardoaren aldeko apustua egin nahi dute. “Garagardoa ohiko kontsumo-produktua da, eta eredu lokalagoa, iraunkorragoa, kalitate handiagokoa eta nortasun propioduna eraikiko dugu: gurea”.
Bidasoa ibaiak “identitatea” ematen diela azaldu dute, “izateko modu bat, egiteko modu bat, kultura bat eta identitate propio bat”. Faktore horiek bilakatzen dutela garagardo “desberdina” uste dute. Gaineratu dute, azken 15 urteetan jakinduria garatu dutela eta orain, indarrak batzea besterik ez zitzaiela geratzen, munduko merkatu “gogorrenean” lehiatzeko.
Garagardoaren munduan nahasketak egon ohi direla garagardoaren jatorriaren gainean ohartarazi dute, baina hiru garagardotegiek badakitela “nondik gatozen eta nora goazen” baieztatu dute. Kalitatezko aliantza egin dutela ziur dira, “identitate bat, erroak, kapazitatea eta konbikzioa batzen dituena”.