Beñat Lekuona, Eñaut Zuazabeitia eta Meltxor Sorondo Gipuzkoako txapeldunak dira
Alebin eta infantil kategorietako Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketan emaitza bikainak eskuratu zituzten BATeko atletek, igandean, Plaiaundin.
Iragan igandean alebin eta infantil kategorietako Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketak jokatu ziren Plaiaundiko pistan. Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako jardunaldian hamaika domina eskuratu zituzten klubeko gaztetxoek.
Goizeko 09:00etan hasi zen jardunaldia eta goiz osoan zehar 600 gaztetxok parte hartu zuten. Klubetik “oso pozik” agertu dira txapelketaren bilakaerarekin. Sari banaketarako Sergio Corchon-en, Irungo Udaleko zinegotziaren, eta Iker Arozenaren laguntza izan zuten.
Infantiletan sei domina eskuratu zituzten: brontzezko hiru, zilarrezko bi eta urrezko domina bat. Gipuzkoako Txapeldun izendatu zen Beñat Lekuona altuera jauzian, 1,57 cmko jauziarekin. Podiuma osatu zuten hirurek marka berdina egin zuten. Postuak, hortaz, salto nuluen arabera erabaki zituzten. Proba berean hirugarren izan zen Alain Ugarte.
Kaiet Arruabarrenak eta Olatz Elizasuk eskuratu zituzten zilarrezko dominak. Arruabarrenak 500 metroetan eskuratu zuen, 1:20,97ko denborarekin. Elizasuk, berriz, 800 gramoko disko jaurtiketan, 26,56ko jaurtiketarekin. Azkenik, Naia Piquerrek 500 metroetan, 1:21,62ko denborarekin, eta Paula Crespok 1000 metroetan, 3:34,38ko denborarekin, izan ziren brontzezko domina eskuratu zutenak.
Alebinetan bost domina lortu zituzten, horietako bi urrezkoak izan ziren. Eñaut Zuazabeitiak pilota jaurtiketan eskuratu zuen txapela, 29 metroko jaurtiketa batekin, eta Meltxor Sorondok 500 metroetan aise irabazi zuen, 1:27,35eko denborarekin.
Iraia Garciak (10,62 segundo) eskuratu zuen eguneko zilarrezko domina bakarra haren taldekide Paula Boned-ekin (10,74 segundo) lehia estu bat izan ondoren, 60 metro hesien proban. Lehia horrek bigarren eta hirugarren postuan amaitzea ahalbidetu zien. Azkenik, Maia Sanchezek brontzea bereganatu zuen 500 metroko lasterketan 1:31,35eko denborarekin.