Itsasoari lotutako herria
Hilaren 16, 17 eta 18rako I. Itsas Ondare topaketak ekimena antolatu dute eta hilaren 25erako Itsasoratu jardunaldia. Itsas ondarea balioan jartzeko eta itsasoaren inguruan sortu diren jarduera ekonomiko berri horiek herritarrengana hurbiltzeko ekimenak dira.
Atzo goizean itsasoa ardatz duten bi ekimen aurkeztu zituzten. Batetik, I. Itsas Ondare topaketak aurkeztu zituen Ortzi Alonso zinegotziak, eta bestetik, Itsasoratu ekimenaren inguruko xehetasunak eman zituen Estitxu Urtizberea zinegotziak.
Biak ala biak hausnarketa baten ondorioa izan direla aitortu zuten: “Gure artean hausnartu izan dugu hondarribiarrak nor garen adierazteko gure errelatoetan itsasoak baduela halako presentzia garrantzitsu bat. Itsasoak zizelatu du Hondarribiarron izaera, ogibidea eman digu, gure auzoen konfigurazioa moldatu du, etxeen kolorea eman digu, gure hizkuntza aberastu du, gure harremanak nolakoak diren moldatu ditu eta aktibitate ekonomiko garrantzitsu bat izateaz gain, paisaia natural zoragarri bat eta gure aisialdia betetzeko elementu inportante bat da”.
Hori dela-eta, itsasoak mendeetan zehar Hondarribiarrei emandako jakintza, ohitura eta ondare guztia balioan jartzeko eta babesteko sortu dute I. Itsas Ondare topaketak ekimena. Itsasoratu, berriz, itsasoaren inguruan sortu diren jarduera ekonomiko berri horiek herritarrengana hurbiltzeko eta ezagutarazteko ekimena da.
Hondarribia, Itsas Herria; I. Itsas Ondare topaketak
Hondarribiarren identitatea eta sena balioan jartzeko eta itsas ondarean sakontzeko sortu dute lehenego Itsas Ondare Topaketak ekimena. Mendeetan zehar Hondarribia erreferentea izan dela eta gaur egun ere hala dela azaldu zuen Alonsok, baina herria eraldatzen joan den heinean “ahulezi batzuk” nabarmendu direla esan zuen, eta horren inguruan hausnartzeko ere balioko duela topaketak. Hortaz gain, hiru egunetan aurreko belaunaldietako herritarren esperientziak eta bizipenak jasoko dituzte, ondoren transmisio lana egiten jarraitzeko konpromisoarekin.
Ostegunetik larunbatera izango dira ekintzak. Ostegun eta ostiralean arratsaldez izango dira eta larunbatean goiz eta arratsalde.
Hilak 16
- Luz de Mar. Azken Itsasargizainak dokumentala Euskadiko Itsasargien Lagunak-en eskutik. Itsas Etxea Auditoriumean, 18:00etan.
- Emakumea eta itsasoa. Emakumeak blai. dokumentala eskainiko dute. Ane Zulaika da zuzendaria. Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan.
- Mahai ingurua. Bertan parte hartuko dute Hondarribiko saregile batek, Hondarribiko emakumeen traineruaren patroiak eta Honarribiko Kofradiako ordezkariak. Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan.
Hilak 17
- Hondoxka Bidasoako azken gabarrariei buruzko dokumentala eskainiko dute. Jose Luis Zabala da zuzendaria. Itsas Etxea Auditoriumean, 18:00etan.
- Enrique Lekuona I. bekan saritutako lanaren aurkezpena: Portuarrak, Hondarribiko itsas komunitateari begirada historikoa. Egileak Aritz Díez eta Josu Narbarte dira. Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan.
- Eskifaia abesbatzak Luis Gaiztoak itsas kantu bat barreskuratuko du. Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan.
Maiatzak 18
- Itsas modelismo erakustaldia Bizkaiko Itsas Modelismo elkartearen eskutik. Zumardiko Beltxargen Parkean, 10:00etatik 13:00etara.
- Bisita gidatua portuan barrena: Marinel ontzia (kanpotik), sare konpontzaileen lana eta Hermandadea. Hilario Martinez, Pilo Goikoetxea eta Gregorio Kanpandegi izango dira bisita gidatuko dutenak. Kai Zaharrean, 11:00etan. Sarrerak erreserbatu.
- Hondarribiko Musika Bandaren kontzertua. Itsas Etxea Auditoriumean, 18:00etan.
- Sardinada egongo da Zaporeak-en eskutik eta Beduola itsas elkarteak Magallanes batela erakutsiko du. Kai Zaharrean, 19:00etan. Gainera, Izugarria konpertsak herria alaituko du.
Hil osoan zehar, gainera, kale erakusketa bat egongo da ikusgai San Pedro kalean. Inaxio Igosen Hondarribiko barkuak lana (12 baxurako ontzi, 6 handi eta 6 txiki ikusi ahal izango dira) eta Beñardo kanpandegiren marrazkiak uztartuko dituen erakusketa da. Aldi berean, Euskal Kostaldeko Itsasargien argazki erakusketa egongo da Itsas Etxean ikusgai.
Itsasoratu: Hondarribia itsasoa da!
Hilaren 25ean Itsasoratu ekimenaren bigarren edizioa izango da. Aisialdi Nautikoko jardunaldi bat da. Duela bi urte egin zen aurreneko aldiz, eta iaz euriagatik bertan behera geratu bazen ere, aurten berriz antolatzeari ekin diote. Aldaketa nabarmen batekin gainera: “Aurtengo edizioa kanpora begira baino barrura begira egitea garrantzitsuagoa zela ikusi genuen herritar askok ez dituztelako jarduera hauek ezagutzen”. Zentzu horretan herritar orori zuzenduriko egun osoko egitaraua prestatu dute.
14 enpresa dira protagonistak: Central Surf Eskola; Hondarribiko Klub Nautikoa; Estatxa; Hiruharri Boats; HS2 Surf Center; Ipar Adventure; Kayak Basque Country; JcPoseidon; Jolaski; Navegavela; Pesca Hondarribia; Santiagotarrak; Surf Teknika Eskola; eta Whater Joy Hondarribia.
Hondarribiak itsasoarekin duen harremana aldatuz joan da eta garatzen joan diren ekintza ekonomiko horien lana gizarteratzeko informazio postuak ezarriko dituzte. 11:30etatik 14:30etara eta 17:00etatik 20:00etara. Hortaz gain, haurrentzako tailerrak, kontzertuak, zozketak eta hitzaldi bat egongo da ere.
Hilak 25 – Kirol kaian
- Hondarribiko aisialdi nautikoko postuen irekiera. 11:30an.
- Haurrentzako tailerra: Itsas horma marrazkia. Naiara Goikoetxearen eta Maider Alberroren eskutik. 11:45ean.
- Zuzeneko musika Monterrey Surfers taldearen eskutik. 12:00etan.
- Haurrentzako tailerra: Itsas collage tailerra. Santa Maria Madalena Tailerraren eskutik. 17:15etan.
- Hitzaldia: Itsas Zaintza Sarea: itsasoaren alde elkarlanean. Mater Itsas Museoaren eta Hondarribiko Klub Nautiko-Itsaskari Baitaren eskutik. 18:00etan.
- Sarien eta oparien zozketa. 19:45ean.
- Hondarribiko aisialdi postuen itxiera. 20:00etan.
Tailerretan izena ematea doakoa da, baina plazak mugatuak dira. Izen ematea unean bertan egin beharko da. Eguraldi txarra egin ezkero ekitaldia ekainaren 1era atzeratuko litzateke.