Udal akademiako ehun marrazkiren eta pinturen erakusketa irekiko da
6 eta 92 urte bitarteko Irungo Udal Marrazketa eta Pintura akademiako ehun bat obren erakusketa, ostiral honetan zabalduko da Amaia KZn.
Irungo Marrazketa eta Pintura Akademiako ikasleek 2023 eta 2024 ikasturtean egindako lanak erakutsiko dituzte. Amaia KZn erakusketa bat zabalduko dute ostiral honetan, 19:30ean eta ekainaren 2ra arte egongo da bertan. Erakusketaren ataka irekita egongo da asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara.
Aurten, 6 eta 92 urte bitarteko 60 ikasle aritu dira akademian eta haien ehun bat artelan zintzilikatuko dituzte Irungo antzoki nagusiak. Besteak beste, Nestor Basterretxearen Gernika 50 lanean inspiratutako ariketa bat erakutsiko dute.
Lan horiek proiektuen arabera multzokatu dituzte, eta irudikapen naturalistako ariketak eta proposamen esperimentalak nahasten dituzte haietan. Askotariko prozedurak eta teknikak erabiltzen dituzte lan horietan, hala nola, olio-pintura, arkatza, akrilikoa, argizariak, ikatz-ziria, akuarela, txantiloi marrazkiak eta collageak; eta euskarriak ere hainbat motatakoak dira: papera, euskarri zurrun inprimatuak edo mihiseak. Hiru dimentsioko lanak ere badaude, kartoi uzkurtuen bidez egindakoak, edota material industrialez osatutako behe-erliebeak.