HAPOren izapidetze erritmoagatik "kezkatuta" dago Hondarribiko EAJ
2023ko maiatzaren 12an onartu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren zirriborroa. Urtebete geroago jeltzaleek planarekin zer gertatu den ez dakitela diote.
Urtebete igaro da Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako onarpena (EAJren bozekin gehiengo osoa lortuta) aurrera atera zenetik. Beste udal taldeek (Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduk) aurka egin zuten. Gaurkoan jeltzaleek urtebeteren ondoren planarekin zer gertatu den ez dakitela adierazi dute.
2023ko maiatzaren 12ko udalbatzan onartutako hasierako zirriborroa “urrats garrantzitsua” izan zen jeltzaleentzat. Azaldu dutenez, dokumentuak etxebizitza eraikitzea, aparkalekuaren arazoa konpontzea eta kultur zein kirol espazio berriak sortzea ahalbidetzen zuelako. HAPOk, gainera, “ekonomia dibertsifikatzearen aldeko apustu garbia” egiten zuela adierazi dute. Gaintxurizketan industria garapenerako edo industriari lotutako zerbitzuetarako eremu berri bat gaitu eta Zubietan Teknologia kanpus bat eraikitzeko aukera jasotzen zuelako.
Haatik, zirriborroaren onarpenetik urtebete igaro den honetan “erabakiak eta erantzukizunak” hartzeko momentua dela esan dute jeltzaleek.