Genero ikuspegia baloratuko dute FICAB Zinemaldi Arkeologikoan
FICAB jaialdiaren XXIV. edizioa aurkeztu dute gaur eta azaroaren 11tik 16ra egingo dela iragarri. EITBrekin sinatutako hitzarmenari esker, film parte hartzaile guztiak genero ikuspegia presente izateagatik sarituak izateko hautagaiak dira.
Berritasunekin iritsiko da FICAB Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIV. edizioa. Aurtengoa, azaroaren 11tik 16ra bitartean egingo da, eta filmak dagoeneko aurkez daitezke uztailaren 15era arte. Jaialdiaren helburua arkeologia ezagutaraztea eta gizartea arkeologia gaietara erakartzea izango da.
Hasieran aipatutako berritasunetara joz, sari berri bat banatuko dute eta filmetan “generoaren araberako ikuspegia” baloratuko dute harekin. EITBrekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren emaitza dela azaldu du Nuria Alzaga Kultura ordezkariak, eta saria, 1.000 eurokoa izango da.
Azaroan egingo den zinemaldi honetan, arkeologiaren mundu zabala deskubritzeko aukera izango da: etnoarkeologia, ondare arkeologikoaren eta kontserbazioaren esparru guztietako dokumentu zinematografikoak etab. Gainera, jatorri desberdinetako pertsonen, erakunde publikoen eta pribatuen lanak dira proiektatuko direnak.
Lanak aurkezteko, izena emateko orria bete beharko dute online, eta pelikula, berriz, korreo elektroniko hauetako batera bidali beharko da: ficab@oiasso.org-ra edota ficab.oiasso@gmail.com-era. Nahiago duenak Festhome online plataformatik ere izena eman ahalko du.
Sariak
Orotara bost sari dira banatuko dituztenak: Zinemaldiko sari nagusia (2.000 eurokoa); Ikusleen sari berezia (1.000 eurokoa); EITB saria (1.000 eurokoa); Hezkuntza Saileko saria (750 eurokoa) eta Arkeolan saria (dibulgazio zientifikorik onenarentzako saria).
Hezkuntza Sailaren sariari erreparatzen jarrita, ikasleei ikus entzunezko lan batekin inguruko ondare arkeologiko edo historikoa sustatu eta ezagutarazteko aukerak eman nahi dituzte. ARKMO proiektuaren parte da, eta parte hartzen duten ikasleek pieza arkeologiko bat erakutsi eta baloratzeko egin beharreko aukeraketa, ikerketa eta sintesi bat egin beharko dituzte.
Ikusleen saria da nobedade. Zinemaldian aurkezten diren film guztiek izango dute aukera garaikur hau irabazteko. Ez da hala hezkuntza sailaren, sari nagusiaren eta sail ofizialaren kasua, sari horietako bat irabaziz gero ezingo delako besterik irabazi.