Ospatu egingo dituzte San Migelgo adinekoen zentroaren 10 urteak
Gaur hasi eta larunbatera bitarte luzatuko dira ospakizun jarduerak. Hurrengo 10 urteak, Emigrazio eraikinean egingo ditu.
Irungo lehenbizikoa izan zen San Migeleko adinekoen zentroak lehen hamarkada bete berri du eta ospakizunak iragarri ditu urteurrenaren karietara. Nuria Alzagak gaur goizean adierazi duenez, guneak “belaunaldiarteko eta kulturarteko jarduerak programatzen ditu, eta adinekoek komunitateari egiten dioten ekarpena erakusten du, haien balioa”.
Jarduera batzuk antolatu dituzte ospakizun honetarako. Lehenik, dantza ilaran egingo dute, adinekoen taldearen eskutik eta gaur, 17:00etan, izango da.
Ondoren, hilaren 16an, ostegunean, irteera egingo dute Plaiaundiko Ekoetxera. Bertan, adinekoen zentroko erabiltzaileek Artean espazioarekin elkarlanean osatu duten erakusketa eta murala ikusiko dituzte.
Hilaren 17an, ipuin kontaketa saioa eskainiko du Maite Franco ipuin kontalari hondarribiarrak. Ondoren, txokolatea edateko aukera egongo da, Txorimaloak taldeko trikitilariek jai giroaz arduratzen diren bitartean. Hitzordua 18:00etan hasiko da.
Azkenik, hilaren 18an, 18:30ean, drag bingoa egingo dute Deliria eta Garazi La Fantasy drag irundarrek. Emankizunarekin bukatzean, askaria eta dantzaldia egingo dute.
San Migelgo adinekoen zentroa
San Migelgo lokala auzoaren bihotzean dago, Javier Esteban Indart kaleko 5. zenbakian. Bertan, denetariko aisia, kirol eta kultura eskaintza zabala dago, hala nola, zineforuma, euskara eskolak, gimnasia klaseak, informatika eskolak, memoria tailerrak, pilates klaseak eta irakurketa tailerrak.
Adinekoen guneak datozen 10 urteetako bidea, baina, birgaitzen ari diren Emigrazio eraikinean egingo du. Zehazki, Emigrazio etxeko lehenengo solairuan egongo da zentro berria eta sarreratik zuzenean ahalko da bertara ailegatu. Hantxe kokatuko dute ere auzo elkartea.