Mugikortasun gaiak aztertzeko Azahara Dominguezekin bildu da Hondarribiko PSE-EE
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketarako diputatuarekin izandako bileran Hondarribiko Udalak martxan jarri nahi duen hiri autobusa izan zuten hizpide, besteak beste.
Joan den asteazkenean bildu ziren, Noemi Odriozola eta Iosu Alvarez (Hondarribiko PSE-EEko bozeramaile eta zinegotzia) eta Azahara Dominguezekin (Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketarako diputatua eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) lehendakariordea). Mugikortasun alorreko gaiei buruz mintzatzeko bildu ziren Hondarribian.
Bilera horretan diputatuak Hondarribiko Udalak martxan jarri nahi duen hiri autobus zerbitzua aurrera ateratzeko laguntza ekonomikoa emateko konpromisoa hartu zuen. Hori horrela, hiri autobusaren proiektua aurtengo ekitaldian egikaritzeko Hondarribiko sozialistek 500.000 euroko partida bat sartu dute urte honetako lehen kreditu aldaketari begira.
Lurraldebus zerbitzua aldatzeko proiektua
Hondarribiko hiri autobusaz gain, Oarsoaldeko eta Bidasoko Lurraldebusen zerbitzua aldatzeko proiektuaz hitz egin zuten ere. Diputatuak azaldu zuenez proiektu horrek “hobekuntza nabarmena” eragingo du hondarribiarrei eskaintzen zaien zerbitzuan. Donostiarako autobusak “gehienez” 30 minutuko maiztasuna izango duela ziurtatu zuen eta autobusek goizeko 05:00-05:30etik iluntzeko 22:30-23:00etarako ordutegia izango dutela. Aldaketa horrek beste linea edo garraiobide batzuetara aldatzeko erraztasunak emango dituela azaldu zuen, besteak beste. Halaber, larunbat, igande eta jaiegunetan autobusek 24 orduko zerbitzua izango dutela zehaztu zuen. Aldi berean, konexio berriak ezarriko dituzte Donostiako Ospitalearekin, Miramongo parke teknologikoarekin edo Ibaetako EHUko kanpusarekin.
Bestalde, Hondarribiko herritarren bi eskaera berreskuratu dituztela azaldu zuen Dominguezek: Donostiara Loiolako Erriberatik sartzen zen linea eta Donostiaren eta Aireportuaren arteko linea zuzena. Irungo zerbitzuak ere hobera egingo du. Gaur egun 109 zerbitzu daude Hondarribia-Irun artean, Irun-Hondarribia artean, berriz, 110. Zerbitzu horiek astelehenetik ostiralera zabaldu egingo dituzte eta aurreratzean Hondarribia-Irun linea 128 zerbitzu eta Irun-Hondarribia 126 zerbitzu izatera igaroko dira.
Hobekuntzak lineetan egiteaz gain, beste zenbait detaileetan ere egingo dituztela azaldu zuen. Hala, markesinetan ordutegiak iragartzen dituzten kartelen letra tamainak handitu egingo dituztela eta Udal Gobernuari Sabino Arana kaleko obren ondoren, kale bereko markesinetako bat berreskuratzeko beharra helarazi diotela azaldu zuen.
Hondarribia eta Hendaia arteko motora
Autobusez gain, GGLAk Hondarribia Hendaiarekin eta alderantziz lotzen duen motora mugi sisteman sartzeko elkarrizketak hasi dituela nabarmendu zuen. Honakoa Hondarribiko PSE-EEren eskaera dela adierazi dute.