Hondar probako garaipenarekin berdinketa hautsi du Faki ta Faki taldeak
Hilaren 4an Hondarribiko Olinpiaden seigarren proba gauzatu zen. Lehen saiakeran ez bezala, eguraldi txarra egin zuen arren jardunaldia aurrera atera zen.
Martxoak 2an izan zen Hondar proba gauzatzeko lehen saiakera. Egun hartan, baina, euria gogotik egin zuen eta bertan behera geratu zen. Antolatzaileek proba maiatzaren 4ra atzeratzea erabaki zuten orduan. Maiatzean ere eguraldia ez zuten aldeko izan, baina kasu honetan, aurrera ateratzea lortu zuten.
Taldeak multzoka banatu zituzten. Hau da, gune bakoitzean lau edo bost taldek parte hartzen zuten eta aurkariak aldatzen joaten ziren. Bost gune zeuden eta horietako bakoitzean proba bat egin behar izan zuten. Proba bakoitzean 7 minutuko denbora tartea izan zuten.
- 1. proba: Zirkuitu txiki bat egin eta haren bukaeran (hondarretan) zenbaki batzuk lortu behar izan zituzten. Horiek konbinatuz kandadu bat irekitzea zen helburua.
- 2. proba: Eskuak atzean izanda, erreleboka, ahoarekin edalontzi bat itsasoan sartu eta urez bete behar izan zuten. Balde bat ahalik eta gehien betetzea zen erronka.
- 3. proba: Hondarrean zulo bat egin behar izan zuten. Zulo sakonena egiten zuen taldeak irabazten zuen.
- 4. proba: Hondar gazteluak egitea zen helburua. Geroz eta gehiago, orduan eta hobeto.
- 5. proba: El Conquistador del Fin del Mundo telebista saioan egiten duten bezala labirintoaren proba egin behar izan zuten. Taldekide batek lau taldekide gidatu behar izan zituen beren taldearen koloreko lau pilotak hartu arte. Hondarretan zeuden kideek esku eta hankak lotuta zituzten eta begiak estalita.
Proba horiek guztiak egin ondoren Faki ta Faki taldea izan zen irabazlea. Bigarren izan zen Amonan Xalda Berua, eta hirugarren Arroja sailkatu zen.
Hondar probaren garaipenarekin berdinketa hautsi eta bigarren sailkatutik, Athletik Klub Txiplau taldetik, urruntzea lortu zuen Faki ta Fakik. Jardunaldi bat irabazten duen bigarren aldia izan da. Une honetan behin behineko sailkapena horrela dago: Lehen postuan Faki ta Faki 75 puntu; Bigarren postuan Athletik Klub Txiplau 66.5 puntu; Eta hirugarren postuan Amonan Xalda Berua 62,5.