Eneritz Urrutia eta Joanes Goitisolo izan ziren Hondarribiko XIII. Trialoiaren garaileak
Hilaren 11n super sprint eta sprint triatloiak gauzatu ziren. Lehena 15:00etan hasi zen, bigarrena, berriz, 17:00etan.
Iragan larunbatean kirol festa itzela bizi izan zen herrian. Izan ere, Hondarribiko XIII. Triatloia oso arrakastatsua izan zen. Inoizko parte hartzaileena izateaz gain, jende ugari gerturatu zen kirolariak animatzera. Proba gogorra zen bere horretan, baina larunbateko beroak are estuago jarri zituen kirolariak.
Arratsaldeko 15:00etan abiatu ziren super sprint edo proba herrikoian parte hartu zuten kirolariak. Parte hartzaileen %80a Irun eta Hondarribikoa izan zen. Emakumezkoetan Odri Guryanova (42:32) izan zen lehen sailkatua, bigarrena Maier Miota (43:22), eta hirugarrena Izaro Urkola (44:38). Gizonezkoetan Martin Fagoaga hondarribiarra gailendu zen (40:06), bigarren izan zen Ibon Iñarra (40:23) eta hirugarren Eneko Muguruza (40:24). Herriko lehen sailkatuak Martin Fagoaga (40:06) eta Kattalin Bengoetxea (46:20) izan ziren. Ikus salkapen osoa.
Sprint proba, berriz, 17:00etan hasi zen, gizonezkoekin. Emakumezkoak hamar minutu beranduago irten ziren. Kasu honetan distantzia bikoitza burutu behar izan zuten. Emakumezkoetan Eneritz Urrutiak (1:21:20) irabazi zuen. Bigarren izan zen Mathilde Touzain (1:21:40) eta hirugarren Nuria Rodriguez (1:22:48). Gizonezkoetan Joanes Goitisolo bizkaitarrak (1:04:44) eskuratu zuen txapela amaiera estu baten ondoren. Bigarren helmugaratu zen Mikel Arrasate (1:04:49) eta hirugarren Asger-jorn Vaes (1:05:02) frantziarra. Ikus sailkapen osoa.