Jardunaldi internazionalistak Irunen, hilaren 31tik ekainaren 15era
Lakaxita Gaztetxeak antolatu ditu jardunaldiak eta Irungo txoko ezberdinetan izango dira hitzaldiak. Besteak beste, Bidasoko harrera politikez, Palestinaz edota Ukrainiaz arituko dira.
Lakaxita Gaztetxeak jardunaldi internazionalistak antolatu ditu Irunen. Hilaren 31n hasiko dira eta ekainaren 15ean bukatu. Gaztetxean ez ezik, Hazia Kultur elkartean, Larragane ostatuan eta Moskuko plazan egingo dira jarduerak.
Bide horretan, hilaren 31n, ostirala, Hazian, Palestinaren egungo egoera: Bere historiaren gaineko kondairak eta mitoak hitzaldia eskainiko du Taher Ali, Samidouneko militanteak. Hitzordua 19:30etarako finkatu dute.
Ekainaren 1ean, larunbata, Moskuko plazan, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumentala proiektatuko da eta Alaine Aranburu zuzendari laguntzaileak egingo du aurkezpena. Emanaldia 21:30ean hasiko da.
Ekainaren 9an, igandea, Gerra hemen hasten da, geldi dezagun hemen hitzaldia eskainiko du Bake ekintza Antimilitaristako kide batek. Jarduera Larragane ostatuan izango da, 19:30etatik aitzina.
Ekainaren 13an, osteguna, Ukrainiako Gerrari buruzko lezioak izango du hizketagai Carlos Taibok, zientzia politikoan irakaslea denak. Hazian elkartuko dira, 19:30ean.
Hurrengo egunean, ekainak 14, Harrera Bidasoan: 6 urteko erresistentzia hitzaldia eskainiko du Irungo Harrera Sareko Oihana Galardi kideak. Moskuko plazan izango da eta 19:00etan hasiko dira.
Ekainaren 15ean, larunbata, Lakaxita Gaztetxean Palestina Europako borroka sozialen testuinguruan izango du hizpide Jacobo Rivera, kazetari eta aktibistak. Elkartzea 19:00etan izango da.
Azkenik, jardunaldiekin bukatzeko, kontzertu bat eta musika pintxada bat egingo dela aurreratu dute. Geroago baieztatuko dituzte artisten izenak.