Irungo EH Bilduk, polizia erasoaren gaineko azalpenak eskatu ditu
Ertzain batek herritar bati ukabilkada jo eta lurrera botatzen duen bideoa bolo-bolo dabil sareetan. Erasoaren gaineko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Irungo Udalari gaur goizean.
Bolo-bolo dabil sareetan Irunen izandako polizia eraso bat. Herritar bat azaltzen da ertzain eta udaltzainez inguratua eta bideoak erakusten du horietako ertzain batek ukabilkada jo eta lurrera botatzen duela. Horren ostean, herritar hori lurrean utzita, alde egiten dute guztiek.
Ez dute zehaztu gertaera noiz izan den bideoa zabaltzerakoan.
Ezinegona eragin du bideoak, eta ezinegon eta kezka hori bere egin du Irungo EH Bilduk, eta gertaera argitze aldera azalpenak eskatu dizkio udalari. Azalpenak eskatuta, denbora bat pasa dela erasotik azaldu dietela jakinarazi dio EH Bilduk HITZAri, “baina ez digute zehaztu noiz izan den. Azalpenak emateko eskatu diogu gobernu taldeari, finean, Udaltzaingoa bertan zegoelako”. San Miguel auzoan izan zen erasoa, Zubiaurre kalean.
Irungo Segurtasun mahaia deitu dadila ere eskatu du koalizio subiranistak, “halaber, bozeramaileen bilera egingo dela ere esan digute eta horren zain gaude”. Eskaera horiek gaur goizean bideratuta, erantzunaren zain da orain EH Bildu, “gainean egongo gara eta eguna pasa ahala gaur bertan berri gehiago izango ditugula espero dugu”.
Ondoko bideoak jasotzen du erasoa, Iñaki Gurrutxagak zabaldu du X sare sozialean.