"Zortea daukagu, esan daitekeelako irrati-drag batzuk garela"
Hilabetean behin Antxeta Irratian eta arrosa sarean entzun daitezke Pepa Glamurrekoetxea eta Zintia Diztiraren ahotsak. LGTBIQ+ kolektiboaren historiari aitortza egiten diote.
Otsailean sartu zen Zipriztina mafia irratsaioa Antxeta Irratiko estudioetan. Zer zipriztindu nahi duzue?
Patti iturria: Gu Patti eta Katzo gara.
Arkaitz Arozena: Ez, ez ez!
Iturria: Beno, egia da. Antxeta Irratian Pepa Glamurrekoetxea eta Zintia Diztira gara, gure alter egoak dira, eta hilabetero egiten dugu saio bat Antxetan. Aspalditik geneukan gogoa saio bat egitekoa, aurretik ja Errenteria-Oreretako Zintzilik Irratia ezagutzeko aukera izan dugulako.
Lumak Haize elkarteari egin zioten proposamena. Irratiak ez zeukan LGTB gaiak lantzeko tarterik, eta hasiera batean, estudioko denbora falta dela-eta ezin izan genuen egin, baina, orain, hortxe gaude. Aukera hau eskaini ziguten eta hasi ginen. Zintia Diztira errebotez iritsi zen, zeren eta ez zuen zereginik, eta hementxe gaude.
Arozena: Gizartea zipriztintzera gatoz. Hasteko, gai pertsonal bat da. Gure afizioak eta jakin-minak asetzeko modu bat da podcast hau. Ez gatoz jendeari zerbait erakustera, guretzako egiten dugun zerbait da, guretzat jolas bat da. Ea zer datorren. Ez dugu helmugarik, ez dugu ezer finkatuta ezta ere. Gauzei aurre egitera gatoz.
Pepa Glamurrekoetxea eta Zintia Diztira dira zuen alter egoak. Badu zerbait dragetik, ezta?
Iturria: Pertsonaia hori atera nuen drag egiteko gogoa neukalako. Baina, azkenean, zure buruari trabak jartzen dizkiozu. «Emakumea naiz, ez daude emakume asko drag egiten…», pentsatzen nuen. Baina Lumak Haize elkartearekin elkartzean babesa sentitu eta aurrera egin nuen. Dena den, arazoak daude: makillajeak alergia ematen dit [barrez]. Dragera itzulita, Albina Stardust eta Divina Comediak drag egiten dute estudioetatik kanpo, eta estudioan drageatu gabe ageri dira. Guk kontrakoa egiten dugu.
Arozena: Zortea daukagu esan daitekeelako irrati-drag batzuk garela. Horrela, makillajea eta parafernalia guztia aurrezten dugu. Gure ahotsarekin moldatzen gara. Beste kontu batzuetan beste alter ego batzuk ditut, baldin eta zer egiten dudan izen ezberdin bat erabiltzen dut.
Iturria: Beldur eszenikoa daukat, eta irratsaioan babestuta sentitzen naiz grabatuta dagoelako. Ikasten ari gara.
LGTB kolektiboaren historiako pasarteak hautatu eta kontatzen dituzue. Zeren arabera hautatzen dituzue gaiak?
Iturria: Ez daukagu gidoirik. Azken saioa zinemari buruzkoa izan zen eta Hollywoodeko antzinako pelikuletan zentsura gainditzeko zer egiten zuten izan dugu hizketagai. Niri izugarri gustatzen zait zinema, zuri-beltzeko zinema gehienbat, eta gustatzen zaizkigun gaiak interesgarri bihurtzen ahalegintzen gara.
Arozena: Asko aditzen ez diren gaiak ere bilatzen ditugu. Azken finean, irratsaio batetik bestera hilabete bat pasatzen da, eta gauza oso aktualekin arriskua daukagu denboran atzean geratzeko. Oraingoz, behintzat, gai orokorragoak bilatzen ari gara. Gero, denborarekin, maizago egiten baditugu programak, gaur egunekoagoak diren gaiak bilatuko genituzke.
Iturria: Denbora behar izaten dugu saio bakoitza prestatzeko eta lana izaten da: gaia, abestiak, beste ez dakit zer. Agian, denbora gehiagorekin, maizago egingo dugu. Gogotsu gaude.
Arozena: Asmoa hori da, baina denborak esango du.
Irrati-dragak zarete. Zein espazio duzue euskal irratietan LGTB pertsonek?
Iturria: Irrati saioetan, zinean edo bizitzan LGTB kolektiboak oraindik espazio ttikia dauka. Egia da, orain, espazio gehiago dagoela edo modan dagoela, eta ematen dizkigutela aukerak saioak, istorioak, pelikulak, liburuak edo bestelakoak egiteko, baina uste dut espazioa oraindik ttikia dela. Oraintxe bertan, bizitzaren momentu honetan, ez gazte ez zahar sentitzen naiz. Orain dela 20 urte, emakume batekin musukatu eta gaizki ikusia zegoen. Orain ez da hori gertatzen.
Arozena: Nire ikuspuntutik LGBT gaiak jorratzen dituzten irratsaioak edo programarik ez dago, baina bada jende queer-a aurkezleak direnak, adibidez. Argia-ko BTN podcastean badago jendea aldarrikatu gabe LGTB dela, eta bertan dago, beraien sexualitatea onartzen dute, eta beldurrik gabe aurkezten dute, nahiz eta podcastaren gai nagusia ez den hori. Ez dute ezkutatzen haien identitatea, eta hori da gehienbat gertatzen ari dena. Banderarekin ez egon arren, bandera atzean dago.
Kuriosoa da egin dugun azken programan, Hollywoodi buruzkoan, kontatzen genuen egin behar zituztela trikimailuak tematika hau guztia jendeari erakusteko, baina ez agerian uzteko. Hain justu, uste dut kontrakoa dela interesgarriena. Ez gara ezkutatzen, baina badaude zertzeladak. Zuzenean esaten da emakume hau lesbiana da edo gizon hau gay da. Guztiz natural aurkezten da gaur egunean eta hori eskertzen da.
Iturria: Eskertzen da, baina hortxe dago beti ere zuriketa arrosa. Kolektibokoei erabiltzen gaituzte esateko oso modernoa eta inklusiboak direla.
Arozena: Ea fase hau gainditu eta dena normalizatzen joaten den.