Iazko abuztuan gertatu zen San Migelgo poliziaren erasoa
Ertzaintzak barne ikerketa bat abiatu du erasoaren nondik norakoak ikertzeko. EH Bilduk "azalpenak" eskatu dizkio udalari, eta Elkarrekin Irunek Bizikidetzarako eta Segurtasunerako batzordea deitzeko eskaria egin du.
Atzo gauean sare sozialetan zabaldu zen bideo batean ikus daiteke San Migelgo Zubiaurre eta Estazio kaleen artean, 10 ertzainek eta udaltzainek herritar bat dutela inguratuta, eta ertzainetako batek golpe bat jotzen dio buruan herritarrari eta lurrean uzten du. Erasoaren ondoren, poliziak joan eta ez diote inolako arretarik eskaintzen. Geroago, herritar bat gerturatzen denean, Ertzaintzaren auto bat bertatik pasa eta ez du jaramonik egiten.
Gertakaria atzo eta gaur artean zabaldu den arren, Ertzaintzak baieztatu du iazko abuztuan gertatu zela erasoa eta barne ikerketa bat dute abian. Argitzeke dago ea orain artean zergatik ez den gertakariaren berririk izan.
Erasoaren gaineko gaur emandako erantzunak hainbat izan dira. Irungo EH Bilduk “azalpenak” eskatu dizkio udal gobernuari, Udaltzaingoa bertan zegoelako ere. Bestetik, Elkarrekin Irunek Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko batzordeari dei egiteko eskatu dio Sergio Javier Udaltzaingoaren Irungo ordezkariari. Udalak, berriz, ez du inolako adierazpenik egin gaurkoan, bai, aldiz, atzo, Cristina Laborda alkateak hirian azken aldian gertatu diren segurtasun gertaerei buruz.