"Fikzioaren bidez atera dut barruan neukan hori"
Atzo, osteguna, haurtzaroan jasandako sexu abusuen inguruko hitzaldia eman zuen Txoperenak Kultur Etxean, Oihana Etxebarrietarekin batera, ‘Ez erran inori’ liburuaren harira.
2020an Igartza Saria irabazi eta Ez erran inori liburua argitaratu zenuen, haurtzaroko sexu abusuen gaia hizpide duena. Zergatik erabaki zenuen gai potolo horri heltzea?
Batez ere kezka pertsonal batetik abiatuta idatzi nuen, nik ere haurra nintzela sexu abusu bat pairatu nuelako. Izan da gai bat interes handia piztu didana betidanik. Erran nahi nuke obsesio puntu batekin ere bizi izan dudala, ulertu nahi nuelako zer ari zitzaidan gertatzen. Nik ere, Lideri gertatzen zaion bezala, amnesia garai bat bizi izan nuen sexu abusua pairatu eta gero. Ondoren, gaztaroan hasi nintzen pixkanaka oroitzen zer gertatu zitzaidan. Orduan, gertatzen zitzaidana ulertzeko bide diferenteetatik informazioa bilatu nuen. Liburuak irakurri, pelikulak ikusi, edo irrati programak entzun nituen, eta idaztea gustatzen zitzaidanez, nolabait, barruan neukan kezka hori kanalizatzeko modu bat izan da. Fikziozko lan bat egitea erabaki nuen. Aukera bat izan zitekeen nire historia kontatzea, baina ez zitzaidan bereziki interesatzen. Orduan, fikzioaren bidez atera dut barruan neukan hori.
Kazetaria eta bertsolaria zara, baina literatura baliatu duzu barruan zenuen hori ateratzeko. Zergatik?
Azkenean, modu ezberdinak egon daitezke gai bat ateratzeko. Kasu honetan, literaturaren bidez egin dut. Bertsotan egia da zailagoa dela gai konkretu bat aukeratzea, normalean bertso saioetan gaiak gai-jartzaileak ematen dizkizulako. Beno, izan zitekeen bertso sorta bat egitea, baina ez nuen hori aukeratu. Literaturak eta fikzioak ematen dizute gai batzuk beste modu batera esplikatzeko aukera. Gauza batzuk modu teoriko batean landu ditzakezu eta hori ere oso inportantea iruditzen zait. Irakurri ditut liburu teorikoak gaia hobeki ulertzeko, baina uste dut bizipen batzuk edo gizakiaren alderdi batzuk esplikatzeko artea edo sorkuntza batzuetan egokiagoa izan daitekeela teorikoki esplikatu ezin dituzun gauza batzuk azaltzeko.
Lanketa bat egin ondoren idatzi zenuen Ez erran inori liburua. Irakurtzen hasi eta lehen lerroetan irakur daiteke Lideren bizitza erabat baldintzatuko duen egoera desatsegina.
Bai, desatsegina da, baina aldi berean saiatu nintzen pixka bat ume baten ikuspegitik kontatzen. Alde batetik xalotasun handiz kontatua dago, eta ia ematen du jolas bat dela. Umearen begitik ikusten duzu oraindik ez dakiela oso ondo zer ari zaion gertatzen, baina aldi berean, kontatzen ari naizena oso gordina da. Orduan, esango nuke xalotasun horrek gogortasuna gehitzen diola eszenari. Hori izan zen liburutik idatzi nuen lehenengo gauza. Aspaldi idatzita nuen ipuin estiloko zerbait, lehengo kapituluaren aurrekaria izango zena. Erabaki nuen liburu hori erreskatatzea eta forma ematea. Dudak izan nituen, batzuk esan zidatelako sexu abusuaren kontakizuna lehenengo kapituluan jartzen banuen agian kontakizuna eroriko zitzaidala. Baina aldi berean iruditzen zitzaidan ezetz, ez zuela hainbeste inporta sexu abusua bera nolakoa izan zen, nahiz eta inportantea den ere bai. Niri interesatzen zitzaidana zen Lideren nerabezarotik eta gaztarotik aurrera sexu abusu hori bizi izateak zer ondorio ekarriko dizkion kontatzea.
Lideren istorioa deskribatzen joaten zaren heinean zer pentsatua ematen duten beste zenbait egoera azaleratzen dituzu ere. Adibidez, Lidek ez sinistua edo ez ulertua sentitzeko duen beldurra. Ohiko pentsamendua da hori?
Liburuaren gaia, orokorrean, haurtzaroko sexu abusuak dira, baina gai nagusia, eta horrekin lotuta noski, isiltasuna da; liburuaren izenburutik hasita. Ez erran inori. Esaldi hori da Mikelek, erasotzaileak, Lideri egiten dion agindu esplizitu bat: «Ez erran inori zer egin dugun». Gainera, ematen du bien inplikazioa egonen balitz bezala ekintza horretan. Baina bertze alde batetik ere, eta nahiz eta erasotzaileak zuzenean ez erran erasoa jasan duenari ezer, isiltasuna da orokorrean horrelako kasuetan gertatzen dena; erasotua izan denak berak lotsa sentitzen duelako askotan eta erruduntasun sentimendua izaten duelako. Orduan, ez du kontatzen zer gertatzen zaion, uste duelako jendeak berari botako diola errua edo, inkluso, berak bere buruari botatzen diolako errua, eta lotsa sentitzen duelako. Hori gertatzen da haurtzaroko sexu abusuetan, baina baita heldu aroko emakumeen kontrako indarkeria kasuetan ere. Orokorrean gertatzen da. Liburua horri buruzkoa da batez ere. Korapiloa askatzen hasten da Lide hasten denean ingurukoei kontatzen zer gertatu zaion.
“Isiltasuna da horrelako kasuetan orokorrean gertatzen dena”
Kontatzen hasi aurretik, Lide kontziente da zerbait gertatzen ari zaiola, baina ez daki zehazki zer den ondoezik sentiarazten duen hori. Sexu abusua umetan gertatzen denean zail izaten da identifikatzen?
Ni ez naiz ez psikologoa, ez jurista, ez horrelako ezer, eta hitzaldiak ematen ditudanean ere erraten dut ez naizela sexu abusuetan aditua. Ni zerbait izatekotan, pairatzailea naiz alde batetik, eta beste alde batetik, nik landu dut hau sorkuntzaren bitartez. Baina horrez aparte, bai. Uste dut, batetik, identifikazioa kostatzen ahal zaizula isiltasun horregatik, eta gero, bestetik, orain arte ez dudana aipatu da isiltasun horren barruan amnesia garai bat izan dezakezula. Horrelako zerbait bizi izan duzunean umea izanda… Normalean, gainera, erasotzen dizuten pertsonak izaten dira konfiantza eremuko pertsonak.
Askotan egiten dugu iruditeria bat erasotzailearena, dela: kale ilun batean eraso egingo zaituen zaituen munstro ilun gizon itsusi batena, ezezaguna dena. Baina sexu abusuen kasuan gehienak ezaguna den pertsona batenak izaten dira: zure aita, zure lehengusua, zure bizilaguna, edo dena delakoa. Eta konfiantzazko pertsona bat denean zuri eraso egiten dizuna eta teorian zu babestu behar zaituena, pertsona baten buruan hori asimilatzea oso zaila da, kontraesan handia dagoelako. Orduan buruak egiten duen defentsa mekanismoetako bat da amnesiarena. Ezabatzen du, nolabait, gertatu zaizun gauza gogor hori pertsona horrekin bizitzen jarraitu behar duzulako; Lideri gertatzen zaion bezala edo niri gertatu zitzaidan bezala.
Hortik urte batzuetara, sexu harremanak izaten hasten zarenean edo horri buruzko gauzak ikusten edo entzuten ari zarenean, hasten dira oroitzapenak berriro burura etortzen, pixkanaka. Hori da Lideren historiarekin kontatzen saiatu naizena. Ez da erraza izaten oroitzapenak berreskuratzeko prozesu hori. Oroitzapenak hasten zaizkizu flashen moduan etortzen, zatika, eta ez dakizu ongi oroitzen ari zarena zer den. Eta horretaz aparte zure inguruari kontatzearen zailtasuna dago.
Orduan, ez da erraza zure burua sexu abusuen biktima bezala identifikatzea arrazoi diferente horiengatik. Zentzu horretan, asko laguntzen duena da, edo nire kasuan asko lagundu zidana da, arazoari izena jartzea. Nire ustez, horretan kristoren ekarpena egiten du feminismoak kontzeptualizatzen. Erratea gauza bakoitza zer den eta zer dagoen horren atzean. Finean, botere harreman bat dagoela, ez dela umeen arteko jolas bat, baizik eta zaharragoa den edo botere posizio batean dagoen pertsona batek egoera zaurgarrian dagoen pertsona bati eginiko zerbait dela.
“Konfiantzazko pertsona bat denean eraso egiten dizuna, asimilatzea oso zaila da”
Zuretzat nolakoa izan da idazten ari zineneko prozesu hori?
Alde batetik, zati batzuetan gogorra izan da. Azkenean, nire bizipenekin lotura zuzena zeukan fikziozko istorio bat denez, Lideren pasarteak idazten nituenean nire min propioarekin konektatzen nuen. Baina beste alde batetik, sendatzailea ere izan da arrazoi beragatik.
Duela bi urte argitaratu zen liburua, nolako feedback-a jaso duzu?
Oso pozik nago orokorrean. Liburu bat idazten ari zarenean nahiko bakarrik zaude, eta nahiz eta lagun batzuekin konpartitu, ez dakizu argitaratzen denean zer oihartzun izango duen eta bertigoa baneukan. Jaso dudan erantzuna ona izan da; jende dezentek irakurri duelako eta eskertza mezuak jaso ditudalako gaia hurbiletik bizi izan zuen jendearen partetik, eta hori oso polita da.
Orain arte nahiko gai tabua izan da. Liburuak gaiaz hausnartzeko balio izan duela ikusterakoan zer sentitu duzu?
Bada, pozten naiz. Nire helburua ez zen panfleto bat egitea edo ekintza politiko bat egitea liburu hau idatziz. Baina aldi berean oso kontziente nintzen oso gai politikoa zela, eta izan zezakeela oihartzun bat. Orduan helburua bazen hori baliatzea, eta niretzat pozgarria da ikustea liburu honi esker gaia plazaratzen dela.
Hala ere, ez da honengatik bakarrik. Uste dut azken urteetan egin dela bide bat batez ere feminismotik gai hauek azaleratzeko. Nik beharra bai ikusten dut. Irakurle taldeetan egon naizenean aurkezten normalean jendea hurbiltzen da eta batzuk kontatzen dizute beraiei ere horrelako zerbait gertatu zaiela. Edo agian ez dizute kontatzen, baina nabaritzen duzu jendea hunkituta dagoela. Adibidez, joan den astean Bilboko ikastetxe batean egon nintzen liburua aurkezten lehenengo batxillergoko ikasleekin, eta egia erran, esperientzia oso polita izan zen. Ikusten nituen ikasle batzuk ez zutenak ezer erraten, baina begiradarekin erakusten zizutenak asko ari ziela afektatzen gaiak edo kontatzen ari nintzenak. Eta horrek sortzen du zerbait. Estatistikek diote bost umetatik batek bizi izan ditugula haurtzaroan sexu abusuak, proportzioa oso handia da. Orduan horrek erran nahi du jende pila batek bizi izan ditugula sexu abusuak haurtzaroan, kontua da ez dela kontatzen eta beraz, ba isilean dagoela.