Elektroplaza jaialdia maiatzaren 25ean egingo da Urdanibia plazan
Goizean, Sarjian, haurrentzako eta familientzako tailerrak egingo dira. Arratsaldean, berriz, Urdanibia plazan bilduko dira munduko eta etxeko musika jartzaileak.
Elektronikak Urdanibia plaza hartuko du maiatzaren 25ean, Elektroplaza jaialdiarekin. Gaur egin dute ekimenaren aurkezpena Sergio Javier Gazteriako ordezkariak eta N97 elkarteko kideek, Irune Muguruzak eta Iñigo Jimenez Jota-k, eta Txikis del Bidasoako Pia Alzagak. Kartelaren egile irundarrak, Jon Saenzek ezin izan du bertaratu.
Javierrek adierazi du gazteek partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan zuzenean egindako eskaera bati erantzuten ari direla. Orain bi urte egin zela lehen aldiz festa hau, eta, aurtengoan, mundu mailako eta etxeko musika jartzaileak elkartuko dira hilaren 25ean. Horrez gain, goizean, haurrei eta familiei bideratutako tailerrak egingo dira Sargian, 11:30etatik 13:00etara.
Musika elektronikarekiko interesa piztu nahi du Txikis del Bidasoak. Alzagak dio haurrek ere entzun dezaketela musika elektronikoa, txikienentzako musikak ez duela zertan haurrentzako musika generora mugatuta egon behar.
Sargian egingo duten tailerren artean, Dantz Point Academikoak gerturatuko dira eta erakustaldi bat egingo dute. Hala, musika jartzeko mahaiaren gainean arituko dira, “nola erabiltzen den, nola sortzen den musika..”. Bestetik, Jon Sanchez del Castillo ilustratzaileak eskulan tailer bat prestatu du eta elektronikaren elementuekin jolasean arituko dira.
Familientzako dantza tailerra ere eskainiko du Bidasoko We Can Dantza akademiak. Lehen zatian, dantzatzen arituko direla azaldu du Alzagak, eta azken ordu erdian, Dantz Pointekin tailerrean ikasitakoa praktikan jarriko dute.
Arratsaldean, festa Urdanibia plazara lekualdatuko da. Lau DJk joko dute bertan: Jota eta Itoitz Urtizberea B2B formatuan arituko dira, Toman ekoizle eta disko jartzaile herbeheretarra izango da, eta Olga Korol disko jartzaile eta ekoizle ukrainarra izango da hurrena.
Elektroplaza
Urdanibia plazan, 17:00etatik 22:30era
17:00 − JOTA B2B ITOITZ
18:30 − OLGA KOROL
20:30 − TOMAN
FAMILIA TA LAGUN: ELEKTRONIKA FAMILIAN!
Sarjia parkean, 11:30etik 13:00etara
Antolatzailea: Txikis del Bidasoa
– Eskulan tailerra, 5 urtetik gorako haurrentzat
Parte hartzaileek beren nahasketa mahai propioa sortu ahalko dute, marrazteko, pintatzeko, collageak egiteko… eskulan eta materialak erabiliz, eta etxera eraman.
Gidaria: Jon Saenz del Castillo, ilustratzaile irundarra.
– Dantza tailerra, interesa duen ororentzat
Parte hartzaileak musika elektronikoarekin eta dantza pauso klasikoekin jolastuko dira.
Gidaria: Uikan Dantza
– DJing munduaren hastapenak ikasteko tailerra, 5 urtetik gorako haurrentzat
DJ Lagantek musika elektronikoaren hastapenak irakatsiko dizkie haurrei eta familiei, eta disko jartzaile batek zer egiten duen azaldu eta irakatsiko die, nola lan egiten duen.
Gidaria: Dantz Academy
– ELEKTRONIKA FAMILIAN! festa, interesa duen ororentzat
Musika elektronikoaz gozatzeko ordu erdiko saio bat izango da, familien neurrira egokitua, eta aurreko tailerrean ikasitakoa praktikatzeko dantzaldi bat.
Gidariak: DJ Lagant + Uikan Dantza