Muliaten mural bat margotuko dute auzolanean
Larunbat honetan izango da hitzordua, arratsaldeko 16:30etik aurrera. Auzolanean "aniztasuna goraipatzen duen eta bertako biztanleen arteko lotura sustatzen duen ikurra" sortuko dute.
Talaia eskolaren atarian Talaia eskolako haurrek mural bat margotu zuten Julia Lasa ilustratzaile eta diseinatzailearekin batera. Talaia Alai ekimenaren amaiera festan izan zen hori. Larunbatean, egitasmo horri jarraipena emango dio Judas Arrieta artista plastikoak.
Muliateko Kandido Saseta plazan egingo dute hurrengo murala. Arratsaldeko 16:30etatik goizeko 01:00ak arte arituko da buru belarri Judas Arrieta. Lan horretan, ordea, ez da bakarrik arituko: nahi duen oro gerturatu daiteke margotzera.
Auzolanean gauzatuko den murala izango da; haatik, Arrietak “ilusio handiz” hartu duen proiektua dela azaldu du. Komunitatearen aniztasuna, historia, kezkak eta bizitasuna islatuko dituen artelana sortzea da helburua. Hala, “auzoa edo etxea deitzen dugun tokiarekiko sentitzen dugun maitasuna” adieraziko dute. Irudia, halaber, “aniztasuna goraipatzen duen eta bertako biztanleen arteko lotura sustatzen duen ikur” bat izango dela ziurtatu du hondarribiarrak.
3,4 x 20 kilometroko neurria izango duen horma irudia auzoko “topagune” bihurtuko dute.