Hondarribiko XIII. Trialoia, inoizko parte hartzaileena
Proba herrikoian 135 kirolarik parte hartuko dute, gehienak eskualdekoak. 'Sprint' proban, berriz, 340 parte hartzaile irtengo dira lehiatzera larunbatean.
Hondarribiko Triatloia bueltan da. Larunbat honetan (hilak 11) izango da Biosnar Triatloi klubak antolatzen duen XIII. edizioa. Probaren xehetasunak aurkezteko Hondarribiko Udaletxean izan ziren Beñat Bengoetxea eta Gorka Emazabel, Biosnar Triatloi elkarteko ordezkariak, Lupe Queiruga Kirol zinegotziarekin batera.
Euskadin sprint modalitateko eta proba olinpiko dezente egon badauden arren, horiek gero eta gutxiago antolatzen direla esan zuen Beñat Bengoetxea antolatzaileak. Alde horretatik, beraz, pozik agertu ziren klubeko ordezkariak, Hondarribiko probak aurrera egiten diharduelako. Aurtengoa, gainera, inoizko jendetsuena izango da: Herri proban 135 kirolarik parte hartuko dute eta Sprint-ean 340-k.
Urtero lez, bi proba antolatu dituzte; Herri proba edo popularra distantzia laburragoa izango duena —350 metro igerian, 10km bizikletan eta 2,5 kilometro korrika— eta Sprint proba, distantzia bikoitza izango duena —750metro igerian, 20km bizikletan eta 5km korrika— . Lehena arratsaldeko 15:00etan hasiko da, bigarrena, berriz, 17:00etan.
Aurtengo edizioan Bengoetxeak eta Emazabelek azaldu dutenez ilusio berezia piztu die proba herrikoiak. Izan ere, bertan inskribatu diren %80a Hondarribiko eta Irungo “gazte eta ez hain gazteak” dira. Bigarren datu bat bota zuen segidan Beñat Bengoetxeak: “Izen emateen ia erdia emakumeak dira”. Datu horiekin gustura, datorren urteari begira Sprint proban ere portzentai horietara iristen saiatuko direla baietsi dute. Sprint probarako, berriz, maila handia izango dela ziurtatu dute. Frantziatik, Nafarroatik, Errioxatik, Kantabriatik eta beste hainbat tokietako kirolariek parte hartuko dute eta Euskadiko triatleta onenak ere bertan izango dira.
Aurkezpenean Hondarribiko Udalari zein triatloia antolatzea posible egin duten laguntzaileei eskerrak eman zizkieten.
Xarma berezia
Bengoetxea Euskadiko, Frantziako eta Espainiako triatloi askotan ibilitakoa da. Haatik, Hondarribiko Triatloiak “xarma berezia” duela aitortu du: “xarma berezia du Jaizkibel igotzen delako. Normalean zirkuitu laburragoak izaten dira, bi bueltetara edo gora eta behera, baina Hondarribia oso berezia da hamar kilometro gorantz egin behar direlako eta gero beste hamar beherantz”. Igoera eta jaitsiera luze horrengatik zirkuitua “gogorra” dela adierazi du, baina aldi berean “oso polita”. Gainera, berezi egiten duen bigarren arrazoi bat plazaratu du ere: “Triatloi bakarrenetakoa da itsasoan igeri egin eta gero mendira zoazena”. Azkenik, korrikako zatiak ere badu bere berezitasuna: “Oso laua da, eta probako azken zatia izanik “asko eskertzen da”.
Ibilbidea
Aurtengo edizioak berritasunak izango ditu. Helmuga, adibidez, lekuz aldatu dute. Lehen atletismo pistan amaitzen zen, aurten Kirol kaian bukatuko da (Basque Tabernaren parean). “Hondartzan igeri egiten da, bizikleta hondartzan hasten da eta helmuga, atletismo pistan zegoenez urrun gelditzen zen”. Aurten beraz, guztia “zentralizatuagoa” izango dute, bai antolakuntzako kideentzat eta baita ikusleentzat ere erosoagoa izan dadin.
Proba herrikoia (15:00): Hondartzaren erdigunetik egingo dute salto uretara. 350 metro igeri egin ondoren, korrika gerturatu beharko dute aparkalekuan egongo den box-etara. Bizikletako zapatilak eta kaskoa jantzi, eta 10km burutu beharko dituzte. Aparkalekutik Kai berrirantz abiatuko dira. Bertan 180ºko itzulia eman eta leku beretik itzuliko dira. Ondoren, Arroka Berri jatetxerantz gora egingo dute. Higer itsasargira heldu baino lehen 180ºko itzulia eman eta hondartzara jaitsiko dira bigarren itzuli bat egiteko. Ibilbidea burutura box-etan bizikletak utzi, korrikako zapatilak jantzi eta korrika abiatuko dira Klub Nautikoraino. Bertan 180ºko itzuli bat egin, hondartzako aparkalekua aldetik alde gurutzatu eta Kirol kaian helmugaratuko dira.
Sprint proba (17:00): Lehenik gizonezkoak irtengo dira eta hamar minutu beranduago emakumezkoak. Kasu honetan hondartzaren eskuin aldean kokatuko dira kirolariak, kai-muturraren aldean. Uretan 750km igeri egin eta korrika heldu beharko dira box-etara. Bizikletako ekipamendua jantzi eta 20km-ak burutzeko Jaizkibelera igo beharko dute. Ramon Iribarren kaleko biribilgunera heldu eta Baserritar Etorbidetik Abarkaraino helduko dira, bertatik Labrederrera jaitsi eta Jaizkibeleraino igo beharko dute. 180ºko itzulia eman eta leku beretik jaitsiko dira box-etaraino. Azken esfortzua korrika egingo dute. Kirol kaira joan beharko dute, puntaraino, eta handik hondartzara heldu, aparkalekua zeharkatu eta Kirol kaian helmugaratuko dira.
Trafiko aldaketak
Lehen proba 15:00etan abiatuko denez bi mozketa izango dira. Lehena 15:00etatik 16:00etara izango da. Mozketa horrek hondartza inguruko zein Arroka Berri inguruko errepideei eragingo die. Bigarren probaren kasuan berriz 17:00etatik 18:30ak arte itxiko dira errepideak. Kasu honetan Ramon Iribarren biribilgunetik Labrederreko biribilgunera heltzeko errepideari eragingo dio. Baita Jaizkibelera igotzeko errepideari ere. Antolatzaileek “barkamena” eskatu zieten bizilagunei mozketak izan dezakeen eraginagatik.
Hondartzako aparkalekuetan kotxea uzteko aukera egongo da, baina kontuan izan behar da lehen proba egikaritzen ari den bitartean aparkalekurako sarrera itxita egongo dela.