Haurrenak izango dira karrikak bihar
Streets for kids Europako kanpainarekin bat egingo dute Belaskoenea, Eguzkitza eta Dunboa ikastetxeek. Haurrentzako bide seguruak aldarrikatuko dituzte.

Streets for kids ekimena, edota euskarara ekarrita kaleak haurrentzat ekimena egingo dute bihar Irunen. Programa honen helburua da ikasleentzat ibilbide seguruak, iraunkorrak eta osasungarriak eskatzea eskorara joateko. Era berean, hirietan ingurune seguruak eta kerik gabekoak aldarrikatuko dituzte. Europa osoan egiten den kanpaina da, urtean bitan.
Oraingoan, Irungo Belaskoenea, Elatzeta, Eguzkitza eta Dunboa ikastetxeek egin dute bat kanpainarekin eta hiru ekintza burutuko dituzte. Batetik, eskolara taldean joango dira, eskola bideak jarraituz; bestetik, Eguzkitza eta Dunboako ikasleak bizikletaz ere eskolara joateko aukera izango dute; eta, azkenik, errepide mozketak egingo dituzte eskola inguruko errepideetan Belaskoeneakoek eta Elatzetakoek, “ikasleek kaleez gozatzeko eta autoen arriskurik gabe askatasunez jolasteko aukera izan dezaten”.
Hain zuzen ere, Elatzetakoek Errota kalea moztuko dute, eta Harmugarrieta kalea ere, elizaren jaitsiera parean. Mozketak 14:30etik 16:00etara izango dira. Belaskoeneakoek, berriz, Nabigatzaileak kalea moztuko dute, 10 eta 12 zenbakien parean, 14:30etik 16:30era, zehazki.
Parte hartzeko gonbidapena, haurrei ez ezik, familiei, auzo eta auzoetako elkarte guztiei luzatu diete.