Sagardo Egun Alternatiboa ondu dute
Bertso saio bat egingo dute Aranaztarra tabernan larunbat honetan. Aroa Arrizubieta eta Igauri Lopetegi arituko dira bertsotan.
Apirilaren 23an iragarri zuten aurten ez zela Sagardo Egunik antolatuko Irunen. Bi arrazoi nagusik bultzatu zituen antolatzaileak ez antolatzera; batetik, errelebo falta, eta, bestetik, kostuen igoera, afera ekonomikoak. Hala, antolakuntzak hausnarketarako urtea izatea erabaki du 2024a.
Atzo, baina, Irungo karriketan kartel batek bertsoaren txotxa bai zabalduko dela iragarri zuen. Izan ere, hilaren 11rako (larunbata) Sagardo Egun Alternatiboa antolatu dute, eta proposamenak bertso saio bat biltzen du, Moskuko Aranaztarra tabernan.
Bertsotan arituko dira Aroa Arrizubieta, Arabako Txapelketa Nagusiaren txapela jantzi berritan, eta Igauri Lopetegi irundarra, Gipuzkoa Bertsotan lehiaketan parte hartzen ari dena oraintxe. Hitzordua 20:00etan finkatu dute.