Psilocybenea aretoan, hitzordu bikoitza
Ostiralean Sistema de entretenimiento, Soma Cult eta Otoi taldeak egongo dira, eta larunbatean, Costas, Anartz, Gorks & Ñafo eta Kapitaina dj-ak.
Asteburu honetan hitzordu bikoitza izango dute musikazaleek Psilocybenea Aretoan. Ostiralean sona handiko hiru talde izango dira entzungai areto arrosean: Sistema de entretenimiento, Soma Cult eta Otoi taldeak. Kontzertua gaueko 22:00etan hasiko da. Larunbatean, berriz, lau izango dira ikuskizuna emango duten dj-ak: Costas, Anartz, Gorks & Ñafo eta Kapitaina. Kasu honetan emanaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.
Sarrerak aldez aurretik eskuratu daitezke, musikazen eta ohiko establezimenduetan. Egunean bertan ere aukera egongo da sarrerak erosteko Psilocybenean zabalduko duten leihatilan.
Ostiraleko kontzertuak
Bartzelonatik datorren taldea da Sistema de entretenimiento. “Arcade punk” estiloko taldea da, “sintetizadoreak eta oinarri elektronikoak gitarra-riff azeleratuekin nahasten dituena”. Esentzia berezia duen taldea da; izan ere, 80ko hamarkadako punk soinua eta animea nahastuz ez ohiko sonoritatea lortzen dute. Hainbat EP, album bat eta hogeita hamar kantuko mixtape bat argitaratu dituzte.
Soma Cult, berriz, talde euskalduna da, Azpeitiatik eta Beasaindik datoztenak. Grunge estiloa duen musika egiten dute. 2018an grabatu zuten beren lehen maketa, eta ordutik, Dabadaban edo Sanagustin Kulturgunean jo izan dute, besteak beste.
Urtzi Iza musikari eta ekoizle bilbotarraren proiektua da Otoi. Bakarkako bideari ekin aurretik zenbait talde entzutetsuren parte izan zen. Hala nola, Enkore, Empty Files edo Sen Horx taldeetako kidea.
Only Vinil Jaia
Imanol Costas dj donostiarra dago Costasen atzean. “Deejay Digital”-aren eta teknologiaren defendatzailea da, eta horri esker musika ezberdina eta aukera asko ematen dituena sortzeko gai izan da.
Anartz dj-aren atzean, berriz, Anartz Martinez dj donostiarra dago. Nahasketak eta soinu berriak sortzeko bilaketan murgildurik, zaila da Anartz musika estilo zehatz batean kokatzea. Hala adierazi zuten Dantz-en webgunean: “Melodia hipnotikoak abangoardiako soinuekin eta tempo desberdinekin uztartzen ditu diskurtso musikal elektroniko bat sortzeko”.
Gorks & Nafo dj hondarribiarrak Psilocybeko kideak dira eta elkarrekin pintxatzen dute.
Azkenik, Kapitaina artista donostiara da. Musika sesioak “leku magikoetan” grabatu eta Youtubera igotzen ditu.