"EAJk zuzen jokatu zuen Gabarrari beilatokiari dagokionez"
Alkateari eta Abotsanitzi "jendaurrean barkamena" eskatu dezatela eskatu dute jeltzaleek, aurreko legealdian esandakoengatik.
Hondarribiko Udalak Auzitegi Gorenaren epai bat jaso zuen 2024ko martxoaren 13an, zeinak Hondarribiko Udalak beilatokia eraikitzeko baimena izapidetzean izandako jarduketa “egokia izan zela” azaltzen duen. Hala azaldu du EAJk ohar baten bidez. Beilatokia eraiki aurretik eta ondoren eztabaida ugari izan ziren alderdi politikoen artean. Orain, epaia aintzat hartuta, garaiko udal gobernuak (EAJk) Gabarrari beilatokia eraikitzeko obra lizentzia behar bezala eman zuela eta “zuzen jokatu zuela” esan du.
Epaia jaso eta hilabete eta erdi ondoren, ordea, “harrituta” agertu dira jeltzaleak; izan ere, egungo udalak ez du epaiaren berririk eman. “Interesatzen zaiona bakarrik komunikatzen duen gobernu batek ezin du gardena izateaz harrotu” esan dute, eta orduko hartan “faltsukeriak eta salaketa larriak” egin izana leporatu die. “Ezkutuko interesak, eskandalu urbanistikoa eta justiziari desafioa” dira EAJk Abotsanitzi egozten dizkioten faltsukeri eta salaketa horiek. Jeltzaleen esanetan txosten teknikoetan oinarritutako administrazio baimena behar bezala izapidetu besterik ez zuen egin.
Haserre agertu dira jeltzaleak Abotsanitzek azken 8 urteetan oposizioan izan duen jarrerarekin. Haien esanetan “errealitatea desitxuratzea” lortu zutelako. Gauzak horrela, alkateari eta Abotsanitzi “jendaurrean barkamena” eskatu dezatela eskatu dute, aurreko legealdian esandakoengatik.