Asteburu paregabea BATentzat
Dozenaka domina zintzilikatu zituzten atleta gazte eta beteranoek Gipuzkoako Txapelketetan eta Euskadiko proba konbinatuen txapelketetan. Uzta bikainarekin itzuli ziren denak etxera.
Iragan asteburuan gazte eta master mailako Gipuzkoako Txapelketak lehiatu ziren Anoetako Mini Estadioan, eta Bidasoa Atletiko Taldeko kideak uzta bikainarekin itzuli ziren etxera, orotara 33 domina zintzilikatu baitzituzten: urrezko 17, zilarrezko 9 eta brontzeko 7.
Donostian izan ziren maila guztietatik, 16 urtez azpikoena izan zen loriatsuena, 17 domina erdietsi baitzituzten: urrezko 7, zilarrezko 6 eta brontzezko 4. Elene Salcedok (60m hesiak eta 300m hesiak) eta Olatz Elizazuk (disko eta mailu jaurtiketa) bina urre poltsikoratu zituzten. Gainontzeko urreak Hai Duong Alzagarentzat (300m), Unai Gonzalezentzat (600m) eta Uzuri Martiarenarentzat (xabalina jaurtiketa) izan ziren.
Zilarra honakoek zintzilikatu zuten: Beñat Lekuonak (altuera jauzia), Noa Garciak (altuera jauzia), Eñaut Arburuak (300m hesiak), Nerea Cambonek (1.000m), Unai Gonzalezek (1.000m) eta Hai Duong Alzagak (100m). Brontzea, aldiz, honakoentzat izan zen: Alain Ugarterentzat (altuera jauzia), Iratxe Cambonentzat (600m), Nahia Piquerrentzat (1.000m) eta Irati Benitorentzat (300m).
18 urtez azpiko mailari dagokionez, 9 dominarekin itzuli ziren etxera: urrezko 4, zilarrezko 2 eta brontzezko 3. Urreak: Jon Gajate (110m hesiak), Izaskun Sanz (1.500m), Leire Martiarena (200m) eta Oihana Amado (xabalina jaurtiketa). Zilarrak: Irati Erro (800m) eta Alai Cabello (800m). Brontzeak: Lukas Cabezon (1.500m), Markel Garrancho (400m) eta Eider Zumeaga (jauzi hirukoitza).
20 urtez azpiko mailakoek, aldiz, 5 domina lortu zituzten: urrezko 4 eta zilarrezko 1. Maila horretako kirolarietatik Luken Aizpurua izan zen gehien nabarmendu zena, hiru domina zintzilikatu baitzituen: urrea luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean, eta zilarra 100 metrotan. Gainontzeko urreak Eider Alzagarentzat (100m hesiak) eta Ander Aristirentzat (400m hesiak) izan ziren.
Master mailako atletak ere bikain aritu ziren Anoetan, eta bi urrezko domina erdietsi zituzten: Imanol Gilek (M35) 100 metrotan eta Juana Usabarrenak (W75) mailu jaurtiketan.
Kimuak ere, gogor
Igandean kimu mailako Gipuzkoako Txapelketak jokatu ziren Tolosan, eta BATek adierazi du goiz “historikoa” bizitu zuela klubeko harrobiak, eskolarteko bi titulu lortu baitzituzten. Neskei dagokionez, BAT ‘A’ taldeak garaipena lortu zuen, eta klubeko ‘B’ taldea bigarren sailkatu zen. BATeko ‘C’ taldea, aldiz, 14. izan zen.
Nesken antzera, mutilen ‘A’ taldea ere txapeldun izan zen Tolosan. ‘B’ taldea zortzigarren izan zen, eta ‘C’ taldea 15. postuan sailkatu zen.
Lau domina Euskadiko proba konbinatuetan
Iragan asteburuan ere Euskadiko proba konbinatuetako txapelketak jokatu ziren. BATeko atletek urrezko domina bat, zilarrezko beste bat eta brontzezko bi erdietsi zituzten. 16 urtez azpiko mailan, Iker eta Ibai Anaut txapeldun eta txapeldunorde izan ziren oktatloian, hurrenez hurren. Bi anaiek txapelketa bikaina eta erregularra osatu zuten eta Iker izan zen txapeldun 3.304 punturekin. Ibaiek 3.168 lortu zituen txapeldunorde izateko.
18 urtez azpiko mailari dagokionez, Rafael Caseau hirugarren izan zen heptatloian, eta Markel Arruabarrena taldekidea, laugarren.
Master mailan, Miguel Arburuak 55 urtetik gorakoen jaurtiketen pentatloian hartu zuen parte, eta hirugarren postuan sailkatu zen 1.526 punturekin.