2024ko Jai Nagusietako jarduerak prestatzen hasi da udala
Urtero bezala herriko elkarteek jarduerak proposatzeko aukera izateaz gain, herritarrekin zein elkarteekin bilera bat egingo dute ere, "herriko jaien indargune eta ahulguneak identifikatzeko, ahal den heinean, ekarpen berriak jasotzeko".
Hondarribiko Udaleko Kultura departamentua 2024ko Jai Nagusien egitaraua prestatzen hasi da, eta urtero bezala herriko elkarteek proposamenak egiteko aukera izango dute. Aurten ere kultur zein kirol arloko ekarpenak egin ahal izango dituzte.
Ekarpenak egiteko epea zabalik dago eta maiatzaren 17an itxiko dute. Eskabideak oline erregistratu beharko dira eta jardueraren behar tekniko zein ekonomikoak eta erantzukizun zibileko aseguruaren poliza (sinatua) atxikitu beharko dira ere.
Aurten, gainera, proposamenak jasotzeaz gain “beste pausu bat” emateko asmotan elkarte zein herritarrekin bilduko direla jakinarazi du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak, “herriko jaien indargune eta ahulguneak identifikatzeko, ahal den heinean, ekarpen berriak jasotzeko eta herriko jaiak ahalik eta parte hartzaileenak eta osatuenak izan daitezen”. Ondoren, proposamenak aztertu eta bilera berri bat egingo dute.