Igor Enparan: “Senitartzeak balio dezala benetako lotura lanak egiteko eta etorkizunean Amaiurren eta Hondaribiaren arteko harremanaz harro sentitzeko”
Amaiur eta Hondarribia senidetutako herriak dira jada. Gaur eguerdian sinatu dute lotura hori betikotuko duen hitzarmena.
Eguerdiko 12:00ak izateko hamar minutu falta zenean Alde Zaharretik Zumardira jaitsi dira Kemen Dantza Taldeko kideak. Orduantxe helduak ziren Amaiurko alkatea, Isabel Aleman eta Baztango alkatea, Fernando Anbustegi Hondarribira. Haiekin batera zen Hondarribiko alkatea, Igor Enparan, alderdi politiko ezberdinetako kideeak alboan zituelarik. Damarri plazan emozioa agerikoa zen. Dantzan egin eta herriko bandera astindu dute Kemenekoek, harrera gisa. Ondoren, guztiak elkarrekin, txistularien doinu artean, egin dute udaletxerako bidea.
Areto Nagusian zirelarik Enparanek hartu du hitza. Denboran atzera egin nahi izan du alkateak eta Hondarribia Amaiurrekin lotzen duen iragan historikoaz aritu da, “bi herrien loturaren sustraietara joateko”. Hondarribia Nafarroako erresumaren parte zeneko tira-bira historikoak 1524ko apirilaren 29an amaitu zirela kontatu du, Gaztelarrek Nafarroako erresumaren eskuetan zegoen azken portua okupatu zutenean. Orduan sartu zen indarrean Hondarribiko Barkamena. Nafarroaren eta Hondarribiaren arteko lotura egun horretan amaitu zela nabarmendu du, “nahiz eta zenbait saiakera egin izan diren Hondarribia, eta baita Irun ere, Nafarroara bueltatzeko” azaldu du Enparanek.
Azalpen historikoak emanda hausnarketa bat partekatu nahi izan du ere: “Guda eta borroketatik, hau da, garai bateko pasarte ilunetatik, ikusmolde baikorrak ere ateratzeko gai izan gara. Garai batean batzen gintuzten gauzek gaur egun ere batzen gaituztelako”. Hain zuzen, bide horri jarraitu behar zaiola ziurtatu du: “aukera oro baliatu behar ditugu gure herriak ahalik eta onura gehien izateko”. Horretarako loturak ezinbestekoak direla uste du hondarribiarrak.
Lotura historikoa ez ezik natura (Bidasoa ibaia) eta kirola (Laxoa) ere nabarmendu nahi izan ditu, eta nola ez, euskara: “Betidanik esan izan da Hondarribiarren euskalkia Nafar euskara dela. Horretan ere kasualitate gutxi dago”. Honakoa aurrera begirako lanketa izango dela baieztatu du ondoren, eta bi herrien senidetzeak “benetako lotura lanak egiteko eta etorkizunean Amaiurren eta Hondarribiaren arteko harremanaz harro sentitzeko” balio dezala desiratu du. Azkenik, eskerrak eman dizkie antolaturiko guztia posible egin duten guztiei.
Baztango alkatea
Hondarribiko alkateak Fernando Anbustegiri eman dio hitza. Nafarrek betidanik izan dutela “burugogor fama” kontatu du, eta hori “zerbaitengatik” izango dela. Haren ustez burugogortasun horren bidez bildu dira gaurkoan Hondarribian. “Burugogorra behar du izan norbaitek zerbait hainbeste urtez eusteko”. Kanpotik izandako injerentzia guztiei muzin egin eta 500 urte beranduago Baztango zein Bidasoko herritarrek beren nortasuna mantendu dutela nabarmendu du. Nortasun horren parte da euskara, “gure altxor aberatsena eta berezi egiten gaituena”. Amaitzeko, senidetze ekitaldi honek “fruituak eman ditzala” desiratu du: “Gaurko ekitaldia izan daiela etorkizuneko lehenbiziko ekitaldia”.
Amaiurko alkatea
Azkenik, Amaiurko alkatearen txanda izan da. Duela bost mende atzera eginez Hondarribiko eta Amaiurko gazteluak garaiko gerraren helburuak izan zirela gogoratu du, baina “garai hartako hondarribiarrak eta amaiurtarrak non zeuden?” bota du galdera. “Bakarrik militar eta erregeen historiak kontatzen dizkigute. Horiek al dira gure historiak?” egin du gogoeta. “Hondarribiarrak eta Baztandarrak beti izan gara bidasoa errekaren ondoko bizilagunak. Alkurruntzen edo Autzan sortutako urak Txingudi Badiaraino iristen dira. Zergatik ur berdinari izan ezberdinak jartzen dizkiogu? Amaiur aldean Erreka ttipi, haranean Xorroxin erreka, Iruritan Baztan erreka, Lesakan aldiz Bidasoa”.
Guzti horiek historiak jarritako mugak direla nabarmendu du eta urteetan memoria historiko eta herri sentimendua “kentzen” saiatu badira ere, hura ezabatzerik lortu ez zutela esan du harro. Zentzu horretan, duela 102 urte, Amaiurko gaztelua gaztelarren esku geratu zenetik 400 urte igaro ziren hartan, Amaiurren bertan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako senidetasunari keinu egin ziotela kontatu du, eta urtez urte senidetasun hori lantzen joan dela. Gaurkoan gogo hori aldarrikatu du berriro ere eta iragana aldatu ezin daitekeen arren, “gure herri izaera eta lurralde arteko loturak sendotzeko” ekimenak bultzatzeko beharra mahaigaineratu du. Ekimen horietako bat da gaurkoan sinatu duten senidetze hitzarmena. “Zuen herriko kresalak goxatzen gaituen bitartean gure mendi larreetan sortutako ur gardena edaten segi dezazuela” esanez amaitu du. Hizketaldien ondoren, senidetze hitzarmena sinatu eta dokumentuak harro erakutsi dituzte.
Ekitaldi instituzionala amaitzerakoan Arma Plazara gerturatu dira, beste behin, Kemen Dantza Taldeko kideen laguntzarekin. Plazan, Nafarroako bandera astindu dute dantzariek. Orduan eman diote hasiera herri ekitaldiari eta udaletxean egin bezala, herritarrentzako datu historiko garrantzitsuenak aipatu ondoren, Amaiurko zein Hondarribiko abesbatza ezberdinak elkartu eta elkarrekin abestu dute. Ekitaldiari amaiera emateko, Alemanek eta Enparanek aurrerantzean bi herrietan ikusiko den harlandua desestali dute.
Hona hemen senidetze ekitaldietako zenbait argazki: