Udaleko langileen Berdintasunerako Plana onartu dute
Udaleko enplegu publikoaren eremuan egon daitezkeen sexuagatiko bereizkeria mota guztiak ezabatzeko lehentasunezko helburuak eta ekintzak jaso dituzte.
Irungo Udalaren lan eremuko emakumeen eta gizonen arteko Berdintasun Plana onartu du udal gobernuak. 2023-2027 agintaldirako egongo da indarrean, eta udal langileekin adostasunean onartu dute. Adierazi dutenez, Irungo Udala “aitzindaria” da udaleko langileentzako Berdintasun Plana onartzen Euskadin.
Onartutako planean udaleko enplegu publikoaren eremuan egon daitezkeen sexuagatiko bereizkeria mota guztiak ezabatzeko lehentasunezko helburuak eta ekintzak jaso dituzte. Asmoa, langile guztien arteko berdintasun aukera osoa eta eraginkorra lortzea da.
Planarekin kultura eta antolaketa aldaketa bat lortu nahi dute, udal langileen arteko berdintasun printzipioaren defentsa eta aplikazio eraginkorra sustatzeko aburuz. Lan eremuan maila guztietan sartzea nahi dute eta lanbide garapenerako aukera berdinak bermatu.
Horretarako, lan antolamendurako modu berriak sartzea bultzatu nahi dute, emakumeak zuzendaritza postuetara eta erantzukizun handiagora iristeko aukerak sustatuz eta hobetuz. Era berean, administrazioaren barruan gerta daitezkeen desberdintasunak eta desorekak murrizten lagundu nahi dute, genero ikuspegia txertatuz Irungo Udalaren giza baliabideen kudeaketa integralean.
Orotara zortzi jarduera ildo estrategikotan banatu dute plana, eta honako hauen berri eman dute:
- Enplegu publikora iristeko aukerak.
- Karrera profesionalaren garapena.
- Erantzukidetaunerako eta bizitza pertsonala.
- Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak ezartzea.
- Berdintasunaren arloko prestakuntza eta sentsibilizazioa.
- Udal erakundean sexu jazarpenatik edo generoagatik jazarpena sor daitekeen praktika oro benetan desagerrarazteko baldintzak ezartzea.
Legezko araudiak ezartzen duenez, euskal administrazio publikoak behartuta daude tratu- eta aukera-berdintasuna errespetatzera lan-eremuan, eta, helburu horrekin, neurriak hartu behar dituzte emakumeen eta gizonen arteko lan-diskriminazio mota oro saihesteko. Neurri horien artean dago, besteak beste, enplegu publikoan tratu- eta aukera-berdintasuna sustatzearen arloan lortu beharreko helburuak ezarriko dituen plan bat onartzeko beharra, bai eta hori lortzeko hartu beharreko estrategiak edo neurriak ere. Plangintza-tresna hori onartuta, Irungo Udalak aurrera egin duela dio bere erakundearen barruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzearen aldeko apustuan, eta aipatutako lege-agindua betetzen duen inguruko lehen toki-administrazioetako bat dela azaldu dute.