Ohorezko Emakumeen Ligarako Gipuzkoak ez du pista homologaturik
BATek salatu du beste urtebetez joango direla Durangora lehiatzera, instalazio faltagatik. Bestalde, Bikendi Aizpiolea zendutako atleta gaztea oroitu dute beste urte batez.
Ohorezko Emakumeen Ligaren bigarren jardunaldia Durangon egingo da, Gipuzkoan egin beharrean. Izan ere, Gipuzkoak ez ditu instalazio homologatuak lehiaketa egin ahal izateko, eta beraz, maiatzaren 5ean Durangon izango dira BATeko atletak, Donostiako Atletiko taldearekin batera.
Iaz gertatu zitzaien bezala, aipatutako Gipuzkoako bi taldeek ezingo dute etxean lehiatu. Biek ala biek Espainia mailako kluben lehiaketako maila gorenenean hartzen dute parte, baina instalazio homologatu faltagatik ezin Gipuzkoan lehiatzea salatu du Bidasoko taldeak.
Horrez gain, Plaiaundiko zelaia “zaharkitua eta ez homologatua” dela ere salatu dute, baita Txenpereneako proiektua urrun dagoela ere. “Eragozpenak dira etxean lehiatu ahal izateko, eta ez bakarrik gure atletentzat eta haien zaleentzat, baizik eta irundar guztientzat, maila altuko lehiaketaz gozatzeko”.
Donostiako estadio txikia izan da orain arte haien etxea, baina bigarren urtez ezingo da homologazio arazoengatik bertan gauzatu. Iaz, pistak bereizten dituzten lerroen ikusgaitasunagatik bota zen atzera estadioa aukera moduan. Aurten, berriz, jaurtiketen kaiolagatik. “Pasa den urtean Real Sociedadekin batera antolatu genuen Espainiako 20 urtez azpikoen finala Durangon”.
Dena den, 2024an Durango izango da ligaren egoitza, “eta kokapen honi esker desplazamendu handiago batetik salbatuko gaitu Bizkaiko herriak Gipuzkoako bi taldeoi. Hori da gipuzkoarrok dugun etxea deitzeko aukera bakarra”.
Azkenik, eskerrak eman dizkiete Idoia Otaduiri, Durangaldeako Mankomunitateko presidenteari, eta Durango Kirol Taldeko Juan eta Orkatz deiturikoei topaketa egitea ahalbidetzeagatik.
Bikendi Aizpiolea
Urtebete pasa da Bikendi Aizpiolea atleta gaztea zendu zenetik eta klubak bere memoria oroitu nahi izan du. Bide horretan, adierazi dute zuhaitz bat landatu dutela Plaiaundin. Arbolaren ondoan beste bat ere badago, 2006an gaixotasun larri batekin hil zen Igor Hernandez atleta gaztearen omenez.
“Klubak bere memoria oroitu nahi dugu lehenbiziko urteurrenean. Doluminak ematen dizkiegu haien familiarrei eta gertukoei. Klubean haien memoria presente izango dugu”.