Nazioarteko gitarra jaialdia, bihar hasteko prest
Gaur goizean aurkeztu dute Hondarribia-Peñiscola Gitarra Jaialdiaren XXII. edizioa. Hondarribiko Udaletxean egin dute aurkezpena.
Hondarribia-Peñiscola Gitarra Jaialdiaren 22. edizioa hasiko da bihar, eta jaialdia aurkezteko udaletxera gerturatu da Carles Pons gitarrista eta aditua. Harekin batera izan dira Igor Enparan alkatea eta Ortzi Alonso Kultura zinegotzia.
Urteak dira Hondarribia eta Peñiscola senitartu zirenetik eta gaur egun, musika jaialdi hau da indarrean dagoen lotura bakarra. Pons-ek urtero “esfortzu handiarekin” antolatzen duela nabarmendu nahi izan du alkateak, “Peñiscolan abuztuan antolatzen duena eta baita Hondarribian udaberrian antolatzen duena ere”. Alkatea Peñiscolan izan zen joan den urteko edizioan. “Sona handiko artistak izaten dira bertan. Eta beti leku paregabean burutzen dira kontzertu hauek” kontatu du. Peniscolan Papa Luna gazteluan izaten dira eta Hondarribian, Kultur Etxean edo Oiasso Museoan egiteaz gain, urtero Paradoreko aretoan amaitzen dute jaialdia. Haatik, lekua kontzertuaren “bereizgarri” dela esan du Enparanek.
Carles Ponsek eskertu egin du udalak festibala “hainbeste urtez” mantendu izanagatik eta harrotasuna adierazi du “baita pandemian ere” jaialdiak gauzatzeko modua bilatu zuelako. Programazioa bihar (hilak 27) hasiko da eta asteazkenera arte iraungo du. Hiru kontzertu Kultur Etxean izango dira, igandekoa Oiasso Museoan izango da eta asteazkenekoa Paradorean. Musikariei dagokionez, Ponsek bi elementuren arabera aukeratzen dituela azaldu du: “Nire mahaiak [modu hipotetikoan] bi hanka dauzka: aniztasuna eta kalitatea”. Irizpide horiei jarraiki aurtengo edizioan ere musikari anitzak eta kalitatezkoak izango direla ziurtatu du. Berritasun gisa, lehen aldiz, latin jazz motako kontzertu bat izango da entzungai astelehenean. Jaialdiak bestalde, ohiko hirukoteak, bakarlariak eta duoak izango ditu ere. Ikus egitaraua. Guzti horietan gitarra izango da protagonista.
Ponsek, gainera, Maurizio di Fulviok eta Alessia Martegianik Txoriak Txori abestiaren bertsio bat egingo dutela azpimarratu du, jazz bertsioan. “Esan beharra dago Igorren [Enparan] ideia izan zela” gehitu du. Bestetik, Paradorean egiten den kontzerturako gonbidapen guztiak agortuta daudela adierazi du, baina urtero eserlekuren bat libre geratzen dela, eta beraz, gonbidapenik ez izan arren, asteazkenean Paradorera gerturatzeko gonbita luzatu du katalanak.
Gitarra instrumentu gisa
Gitarra jaialdiak ikuslego “leiala” du, eta urtero urtero jaialdia noiz egingo zain izaten dira. Hala kontatu du Ponsek. Hala ere, “aldizkako” ikuslegoa ere badagoela aitortu du. Baina denak ala denak “txundituta” irteten direla emanaldietatik. Irungo kontserbatoriora heldu zenean [urte askoan bertako irakaslea izan zen] gitarra soilik abesteko osagarri gisa erabiltzen zela azaldu du: “Gitarra ez zen instrumentu musikal gisa ezagutzen”. Haatik, urte askoan lan pedagogikoa egin behar izan du eskualdean, kontzertu solteak eta doakoak eskainiz. “Eta uste dut, kontserbatorioan saioak ematen, kontzertuak eskaintzen eta festibalarekin ikuslegoak gitarra instrumentu gisa ezagutu dutela”.