"Liburua omenaldi bezala idatzi dut; haiei esker gaude gu hemen"
Bizpahiru urtez aritu da errenteriarra familian zuten misterio zaharra argitzeko informazioa biltzen. Horri esker, ‘Tiempos difíciles’ liburua ondu du. Aleak Sokoa eta Arzu liburudendetan eros daitezke.
Familiako istorio batean oinarritutako liburu bat idatzi duzu. Zergatik hasi zinen misterioaren inguruan informazioa bilatzen?
Istorio hori bizitza osoan misterio bat bezala bizi izan dugulako. Beno, ez bizitza osoan, misterioaren berri izan genuenetik. Amonaren inguruko istorioa zen. Txikitatik harreman normal eta arrunta izan dugu amonarekin eta beste osaba-izebekin. Amona alaba zaharrenarekin bizi zen, eta gu hura bisitatzera joaten ginen. Aitona ez zegoen inoiz. Kontatu ziguten aitona, nire aita oso txikia zenean hil zela, eta ez zuela ezagutu. Urteak igaro ziren, eta amona hil zenean —15 urte izango nituen nik orduan— nire ahizpa konturatu zen amonaren abizena genuela. Galdezka hasi zen ahizpa; aitak ez zuen ezer esan nahi, eta amak kontatu zigun amonaren istorioa. Esan zigun nola neskame joan zen Donostiara, gizon aberats baten etxera. Ezkonduta zegoen gizon hura, bi seme-alaba zituen, baina nire amonarekin beste lau izan zituen. Ez zituen inoiz aitortu, eta amona bakarrik moldatu behar izan zen haur horiek pobrezian aurrera ateratzeko.
Gizon hori nor zen jakin gabe jarraitzen genuen. Erretiroa hartu nuenean, denbora nuela-eta gaia ikertzeko eskatu zidan anaiak. Hari batetik tiraka hasi nintzen, eta oso polita izan zen. Artxibora joatea gustatu zitzaidan. Abizen bat eman zidaten, eta hortik jarraitu nuen. Behin gizon horren izen-abizenak jakinda, Donostiako Udal Artxibora itzuli eta nor zen aurkitu nuen. Gero, elkarrizketa batzuk egin nituen ere gizon horren ondorengoekin. Kafe bat hartu nuen beraiekin. Oso polita izan zen.
Eta jasotako informazio horrekin guztiarekin liburu bat idatzi zenuen.
Datu horiek guztiak jaso nituenean istorioa modu objektibo batean idatzi, eta lehengusuei zein izebei eman nien. Bukatu nuenean amonarengan pentsatzen hasi nintzen, garai zail horietan. Haurdunaldiak, erditzeak… Une horiek nolakoak izan ote ziren pentsatzera jarri nintzen. Nituen datuekin ordenagailu aurrean eseri, eta narrazio moduko bat idatzi nuen, non eszenak asmatu nituen, datu errealetatik abiatuta. Liburuaren lehenengo zatia da hori.
Hiru zatitan banatu duzu liburua. Lehen zatian amona da protagonista. Bigarrenean, berriz, zure aita.
Lehen zatiak amonaren bizipenak kontatzen ditu, 1930eko hamarkada ingurukoak. Ondoren, 1936ko gerra iritsi, eta Donostiatik Bilbora joan behar izan ziren. Egoera larri horrekin bukatzen da lehen zatia. Bilbon zeudela, ume askok egin bezala, aukera izan zuten errefuxiatu bezala beste herrialdeetara joateko. Nire aita eta haren bi anaiak Ingalaterrara joan ziren. Aitak askotan kontatzen zigun beraientzat zer suposatu zuen horrek. Orduan, esperientzia hori jasotzeko gogoa izan nuen. Hori da bigarren zatia. Hirugarrenean gerraosteko garaia kontatzen dut. Pobrezia, gosetea, diktadura…
Zaila izan da zure amonaren eta aitaren pentsamenduetan sartzea?
Lehen zatia idaztea oso erraza egin zitzaidan. Ordenagailuan eseri eta hiru egunetan idatzi nuen. Bigarren zatia gehiago kostatu zitzaidan, sinplea dirudien arren. Erraza da irakurtzeko, eta anekdota sinpleak ditu.
Zer suposatu du zuretzat horren istorio pertsonala publikatzea?
Ez dakit ondo kudeatu dudan hori. Zalantzak izan nituen argitaratzeko, oso pertsonala delako, eta batez ere, ez nagoelako ni bakarrik inplikaturik. Beste familia bat dago ere bai. Gero pentsatu nuen denok ditugula istorioak, eta elkarbanatzen baditugu hobeto uler daitekeela pertsonak nolakoak garen, eta garai haiek nolakoak ziren. Liburua omenaldi bezala idatzi dut. Izenburuak dioen bezala, aurreko belaunaldiek garai zailak bizi izan zituzten, gai izan ziren aurrera jarraitzeko, eta haiei esker gaude gu hemen.