Belaunaldien Arteko Elkartasunaren Eguna ospatuko da Irunen
Adinekoen udal lokaletara gerturatuko dira musikari eta marrazkilari gazteak hilaren 29an, besteak beste. Egun osoko programazioa antolatu dute.
Belaunaldien Arteko Elkartasunaren Egunaren harira, jarduerez jositako programazioa prestatu du udaleko Gizarte Ongizateko arloak. Musika eta dantza eskolarekin aritu dira elkarlanean eta hilaren 29an Irungo adinekoen lokaletan eta haurtxokoetan izango dira.
Biolin kontzertu bat edo belaunaldiena rteko arteari buruzko bi tailer eskainiko dituzte, besteak beste. Jarduera guztiak Irungo gazteei eta 60 urtetik gorakoei zuzendutakoak dira, eta belaunaldien arteko lankidetza sustatzeko asmoz prestatu dituzte.
Guztira, hiru kontzertu eskainiko dituzte Anakako, San Migeleko eta Behobiako adinekoen lokaletan. Bestalde, Inter-GeneracionARTE tailerretan parte hartzen duten gazteek eta adinekoek marrazkiak egingo dituzte elkarrekin, zaintza eta naturaren errespetua gaien inguruan. Amaierako lana mural formatuan landuko dute, seguruenik Palmera Monteron, belaunaldien arteko lankidetza eta egindako lana ezagutzera emateko.
Balioen Loratzea
Apirilaren 29an bertan, 17:00etan, adinekoen eta gazteen arteko IV. foro-topaketa egingo da Palmera Monteron, Boluntarioen arteko loturak izenburupean, boluntariotzako belaunaldien arteko txandakatzea lantzeko. Gainera, 18:00etan omenaldi bat egingo zaio Lucia Garbayori, 50 urte baino gehiago eman baititu boluntario zenbait elkartetan.