Amaiur eta Hondarribia senidetzeko proposamena onartu dute
Apirileko osoko bilkura gauzatu zen atzo Hondarribiko Udaletxeko areto nagusian. Hiruhilekoaren informazio ekonomikoa edota alkate dekretuen berri eman zuten, besteak beste.
Atzo arratsaldean osoko bilkura gauzatu zen Hondarribiko Udaletxean. Ordu eta erdiko saioa izan zen. Lehenik 2024ko lehen hiruhilekoaren informazio ekonomikoaren berri eman zuen alkateak. Puntu honetan, besteak beste, eragiketen berankortasuna eta aurrekontuaren exekuzioaren inguruko datuak eman zituen.
Ondoren, Udal argitalpenak saltzeko prezio publikoak ezartzeko akordioaren aldaketa onartzeko proposamena bozkatu zuten. Hondarribiko Udalak bi argitalpen berri egingo ditu eta horiek “argia” laster ikusiko dutela esan zuten.
Segidan, 988/2024 Alkate dekretuaren inguruko azalpenak eman zituen Igor Enparanek. 2024ko otsailean Mendeluko zenbait bizilagunek udalean sarrera erregistro bat aurkeztu zuten “lezoiak eta bidea” presaz konpontzeko baimen eskakizuna eginez. Udaletik aipatu zitzaien obra jarduketa horiek itsas lehorreko jabari publikoan, babes eta lehentasunezko fluxu eremuan, uholde arriskuko eremuan, jabari publiko hidraulikoan eta ibilgailuak zaintzeko eremuan daudenez Ura Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Kostaldeen Zerbitzu probintzialak emandako administrazio tituluak eduki behar zituztela lanak egin aurretik, eta behin horiek lortuta, udalari, lanak egiteko obra lizentzia eskatu behar ziotela.
Prozedura hori jarraitu ez eta bizilagunek hondakin materialez osatutako lezoiak zabaldu eta altxatu zituzten. Martxoan Mendeluko erreketako batean “lizentziarik gabeko” lanak egiten ari zirela ikusi eta etetera behartu zituen udaltzaingoak. Lan horiek eta beste hainbat (udalbatzako zuzeneko bideoan ikus daiteke azalpen osoa), “klandestinotzat” jo ditu udalak eta horiek eteteko agindua eman du. 15 eguneko epean egindako obrak eraistea eta inplikatutako pertsonei 10 eguneko entzunaldi izapidea ematen zaiela jakinarazi zuten.
Amaiur eta Hondarribiaren senidetzea
Amaiur eta Hondarribiaren senidetze ekitaldia egin ahal izateko, proposamenak udalbatzan onartua izan behar zuen. Bozkatu ondoren “argi berdea” eman zioten Abotsanitz, EH Bildu eta EAJren aldeko bozkarekin.
Bozkatu aurretik Ortzi Alonso kultur zinegotziak azken hilabetean egin diren ekitaldiak aipatu, eta horiek testuinguruan jartzeko zenbait datu eman zituen. Ondoren, “Zergatik senidetu?” bota zuen galdera. “Bada, batetik lotura historiko nabarmena dugu. Natura ikuspegitik ere lotura hidrologikoa dugu, Bidasoa ibaiak batzen gaitu. Lotura kulturala ere badugu, euskarak batzen gaitu eta garai batean laxoa pilota jokamoldea”. Guzti horrengatik, Amaiurko herriaren eta Baztango bailararen arteko harremanak sendotu nahi dituzte. “Oinarriak baditugu, eta nahiz eta elkarren ondoan bizi, urruti baino gertuago bizi nahi dugu. Urrutira begiratu nahi dugu, baina bertakoa ezagutuz” gehitu zuen. Senidetzea “abiapuntua” dela esan zuen gainera, hemendik aurrerakoa “erronka eta ardura” dela, baina “lekukoa hartu eta belaunaldi berriei pasa” nahi dietela.
Abotsanitz, EH Bildu eta EAJren aldeko bozkarekin onartu zuten senidetze proposamena. PSE-EEk, berriz, abstentziora jo zuen. “Ez dugu ezer senidetzearen aurka, baina iruditzen zaigu ez duela ikuspegi historiko osoa. Gure taldeko historialari batekin kontrastatu dugu eta zehaztapen eza ikusi dugu” esan zuen Noemi Odriozola PSE-EEko bozeramaileak.