IAM baino, beste lehentasunak daudela aldarrikatu du Elkarrekin Irunek
Irungo Udalak aurrekontu handia egin beharko duenez, ea Irunek behar dituen gainontzeko proiektuak egikaritu ahalko diren galdetu dute.
Irungo Areto Moldakorraren (IAM) proiektua aurrera doala baieztatu zuten joan den astean, eta Elkarrekin Irunek dio beste lehentasun batzuk ezarri behar lituzkeela udal gobernuak IAM-ren aurretik. Ez daudela proiektuaren aurka argitu nahi izan dute, “betiere herritarrek uste badute ezinbestekoa eta garrantzitsua dela proiektua”.
Pabiloiaren kostua 50 milioi eurokoa izango da eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak hartuko dute bere gain. Erakunde horien artean, udalak egin beharko duela esfortzu ekonomiko handiena dio Elkarrekin Irunek. 2024ko aurrekontuetan 200.000 euro onartu dituzte IAM egiteko, eta ez dute aurreratu ea aurrekontu gehiago bideratzeko asmoa duten.
Udal aurrekontuaren zenbateko potolo bat IAMra bideratuko dutela jakinda, ea zer gertatuko den Irunek behar dituen gainontzeko proiektuekin galdetu dute. “San Migel-Anaka proiektuaz ari gara, baita Aduana Zaharraz ere, Txenperenea, Hegoaldeko ingurabidea, kiroldegiak, aparkalekuak eta etxebizitza publikoen eraikitzea, besteak beste”, zerrendatu ditu David Nuño bozeramaileak. Proiektu horiek “ezinbestekoak” direla diote, Irun gailendu dadin “bizitzeko eta hazteko” hiri gisa.
Lehenetsi beharreko bestelako “proiektu handiak” badaudela uste du koalizio moreak, hala nola, auzoetan inbertsioak egitea, trafikoa eta aparkalekuak hobetuko dituzten oinarrizko azpiegituren hobetzea, kulturaren eta zerbitzuen irisgarritasuna hobetzea, eta etxebizitza publikoan dirua inbertitzea. “Gogoratu nahi dut herritar gehienentzat ezinezkoa zaiela etxebizitzen merkatuan sartzea. Badakigu ez dela argazki polita, baina uste dugu udaletxeak horretan egin behar duela lan: irundarren arazoak konpondu”.
Irun “ekitaldi handien” hiria izateko diseinatzen ari direla PSE-EE eta EAJ salatu dute, Donostian eta Hondarribian egin duten bezala azken hamarkadetan. Eredu sozioekonomiko “arriskutsua” dela ohartarazi dute, “prekarietatea” nagusitzen duena eta ez duela bizi proiektu egonkor bat bermatzen Irungo bizilagunei. “Funtzionatzen ez duen eredua da. Herriak ogia eskatzen du, baina udal gobernuak zirkua eskaintzen digu”, amaitu du Nuñok.