Amaiurren eta Hondarribiaren senidetze ekitaldia, larunbatean
Eguraldi ona eginez gero Arma Plazan izango da ekitaldi herrikoia. Euria egingo balu Itsas Etxera lekualdatuko lukete.
Azken gaztelua, azken portua zikloaren aurkezpenean iragarri bezala, larunbat honetan (hilak 27) Amaiurren eta Hondarribiaren senidetze ekitaldia egingo dute. Lotura historiko, kultural eta hidrologikoa sendotzeko helburua du senidetzeak. Nola? Bada, etorkizunera begirako lanketa baten bidez. Izan ekitaldiak, txangoak, hitzaldiak…
Hilaren 13an Hondarribiko alderdi politikoetako kideak, zenbait herritarrekin batera, Amaiurrera joan ziren. Bisita hura larunbat honetan betikotuko den lotura horren lehenengo keinua izan zen. Bertan, arkeologia zentroa eta hango gazteluaren aztarnak bisitatu zituzten. Hilaren 27an, berriz, Amaiurko udalbatzako kideak bertaratuko dira herrira. Eguerdiko 12:00etan egingo dute ekitaldi instituzionala Hondarribiko udaletxean. Hainbat erakundetako ordezkariak izanen dira bertan. Hitza, ordea, Amaiurko zein Baztango alkateek hartuko dute, Hondarribiko alkatearekin batera.
Segidan, 12:30ak inguruan, herri ekitaldiaren txanda izango da. Hasiera batean Arma Plazan izatea aurreikusi dute, baina eguraldi txarra egingo balu Itsas Etxera lekualdatuko lukete. Oholtza gainean izango dira ezpata dantzariak, txistulariak eta Amaiurko zein Hondarribiko abesbatzak. 130 bat pertsona bilduko dira egun berezia ospatzeko. Gainera, senidetzea dokumentu bidez betikotzeaz gain, sinbolikoki ere islatuko dute. Horretarako, bi herrien artean harri bana trukatuko dute. Ekitaldiari amaiera emateko Petti abeslariak Amaiur gaztelu baltza abestia kantatuko du.