Osinbiribileko biodibertsitatea babesteko kanpaina, martxan
24 urtean ingurua birnaturalizatu da eta egun 160 espezie bizi dira bertan. Ingurua babesteko eta dibulgaziorako panelak jarri dituzte.
Osinbiribileko lurrak eskuratu zituen udalak orain 20 urte, eta egun, ingurua birnaturalizatu eta 160 fauna espezie elkartzen dira bertan. Horietatik 30 erreproduzitu egiten dira Osinbiribilen.
Biodibertsitate hori babesteko eta haren dibulgazioa egiteko, kanpaina bat abian jarri du udalak. Guztira, 20 panel informatibo daude bertan jada. Babesteari dagokionez, paneletan urmaeletara ez sartzeko eskaera irakur daiteke: “txakurrak eta pertsonak ez sartzeko eskaria egiten da”, dio Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak. Halaber, bertako biodibertsitatearen gaineko informazioa jaso dute, hala nola, espezien informazioa.
Udala beste neurri batzuk hartzea aztertzen ari dela aurreratu du Olazabalek, hala nola, inguru batzuk hesitzea eta zaintza lanak areagotzea gunea babesteko.
Osinbiribileko biodibertsitatea
Josean Beltzuntze, udaleko Mendien teknikaria ere gaur egindako agerraldian izan da eta biodibertsitateari buruzko xehetasunak eman ditu. Osinbiribil Txingudiko paduren barruan kokatu behar dela azaldu du. Izan ere, Osinbiribileko padurak XIX. mendean lehortu ziren eta udalak 2000. urtean erosi zituen lurrak, bertako baratzak eta txabolak kendu zituen. Asmoa, Osinbiribil parke bat izatea izan zen.
Ordutik, habitatak sortzen joan direla dio Beltzuntzek “putzuak, urmaelak…”, eta fauna hartzeko kapazitatea dute. Inguru horietatik batzuk faunarentzat erreprodukziorako eremu batzuk identifikatu dituzte eremu zaurgarri gisa, “bertan ugaltzen direlako eta elikatu hibernazio garaian”. Baina, txakurrek eta pertsonek kalte egiten diotela deitoratu du teknikoak.